Abuztuaren 20tik girotzen hasiko bada ere, hurrengo egunean, abuztuaren 21ean lehertuko da jaiei hasiera emango dien txupinazoa Ibarran. Aurten danborrada taldeari egokitu zaio festa hasierako suziria jaurtitzea.
Horrela, abuztuaren 31 bitarte luzatuko dituzte jaiak, gazteentzako txirrindulari lasterketa egin arte. Horrez gain, betiko hitzorduak nagusituko dira aurtengo San Bartolome jaietan: kuadrillen arteko bazkaria, haurren eta helduen danborradak, toka eta bola txapelketak, eta piper eta tomate platerak, besteak beste.
Zezensuzkoari begirako ardurak
Egunero, iluntzeetan zezensuzkoarekin hitzordua izango dute herritarrek, eta festa batzordetik gurasoei jakinarazi zaie zezensuzkoa borondatezko jarduera dela, eta dakartzan arriskuei begira, tutoreak direla adingabeei gertatzen zaizkien ezbeharren arduradun. Parte hartu nahi duenak balio handirik gabeko sintetikoa ez den arropa eraman dezala eskatu dute, txinpartekin erre ez daitezen.