«Beste maila batera salto handi bat egitea izan da niretzako»

Imanol Garcia Landa 2024ko uzt. 11a, 07:57

Goar Lopetegi, Camins d'Her proban. HOKA VAL D'ARAN

Goar Lopetegi mendi lasterkariak hirugarren egin du Hoka Val d'Aran Pyrenees lasterketako Camins d'Her proban.

Goar Lopetegi ibartarrak orain arteko kirol emaitza onena lortu berri du, Camins d'Her proban hirugarren postua erdietsita. «Niretzako oso lorpen handia izan da horrelako lasterketa batean hirugarren postua lortzea. Inondik inora espero ez nuen postua izan da. Zorionez bagenekien indartsu geundela, baina ez hainbesterainoko emaitza lortzeko moduko indarrarekin. Niretzako beste maila batera salto handi bat egitea izan da», esan du Lopetegik.

Mont Blanceko ultratrailaren (UTMB) World Series-erako puntuagarria da Hoka Val d'Aran Pyrenees lasterketako Camins d'Her proba, eta horregatik du garrantzia. Hain justu, 2025eko abuztuan UTMBko proba batean parte hartzeko aukera ematen dio Lopetegiri bere emaitzak. Ziurrenik CCC proban parte hartuko du, 100 kilometrokoa, eta UTMBren probetan bigarren garrantzitsuena. «Aurretik egin izan dut, eta egindako nire marka hobetu eta onena ematera joango naiz», azaldu du Lopetegik.

Probaren lehenengo hamarretan sartzen zirenek lortzen zuten sailkapena UTMBko probetarako. Bere lehen helburua proba amaitzea zen, aurreko bi alditan ez baitzuen lortu, eta bigarren helburua lehen hamar postuetan sartzea. Azkenean, podiumera igotzea lortu zuen ibartarrak. 110 kilometro eta 6.400 metroko desnibel positiboa zuen probak, eta Lopetegik atzetik aurrerako bidea egin zuen lasterketan. «Zalantza askorekin abiatu nintzen. 2.500 metroko altuerara iristen ginen, eta lehenengo zati horretan denbora asko pasatzen genuen 2.000 metrotik gora. Beraz, lasai hartu nuen lehen zatian, gorputza gehiegi ez sufriarazteko», dio Lopetegik.

52. kilometrora bederatzigarren postuan zegoela iritsi zen. «Hankak oraindik fresko samar nabaritzen nituen eta hortik aurrera kilometro gutxitan hirugarren postuan jarri nintzen. Hortik bukaerara ahalik eta gehien aguantatu nuen, erritmoa mantenduz, eta aukera izan nuen helmugara hirugarren postu horretan iristeko», azaldu du. Ez zuen arriskurik izan atzetik norbaitek aurreratzeko. «Normalean, atzetik aurrerako lasterketa egiten duzunean, aurrekoa zu baino okerrago doan seinale izaten da harrapatzen duzunean. Oso erregular eman nuen proba, eta ez nintzen arriskatu ere erritmo aldaketa bortitzen bat egitera, banekien bestela ordainduko zuena ni izango nintzela». Laugarren zihoana 94. kilometro inguruan bost minutura zuela esan ziotenean, lasai hartuz gero hirugarren postua berea zela ikusi zuen.

Lortutako hirugarren postuak konfiantza handia ematen diola esan du etorriko diren probetarako. «Orain dudan maila aprobetxatu eta ahal dudan gehiena emango dut», esan du Lopetegik. Hemendik hilabete batera Austrian du lasterketa bat, UTMBko zirkuituan sartzen dena ere. «Badaezpada izena eman nuen, aurrekoan lortu izan ez banu, hor saiatzeko. Dena antolatuta dugunez, bertara joan eta aprobetxatu egingo dugu», esan du mendi lasterkari ibartarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!