Goar Lopetegi Nieto hirugarren, Camins d'Her proban

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko uzt. 6a, 09:28

Goar Lopetegi Nieto eskuinean, atzo, Vielhako helmugan, Simon txapeldunordearekin eta Grenfell-Shaw txapeldunarekin. Argazkia: Instagram (@aranbyutmb).

Domusa Teknik Lana taldeko mendi lasterkari ibartarrak 12 ordu, 41 minutu eta 51 segundoko denbora egin zuen UTMB World Serieserako puntuagarria izan zen 110 kilometroko eta 6.400 metroko desnibel positiboko lasterketan.

Handia egin du Goar Lopetegi Nieto Domusa Teknik Lana taldeko mendi lasterkari ibartarrak. Hirugarren postuan helmugaratu zen, atzo, UTMB World Series-erako puntuagarria den Hoka Val d'Aran Pyrenees lasterketetako Camins d'Her proban. Lesen (Lleida) hasi eta Vielhan (Lleida) amaitu zen proba, Aran ibarran barrena 110 kilometroko luzera eta 6.400 metroko desnibel positiboa zuen ibilbidea burutu ondoren. Lasterketaren gogortasun teknikoaz gain, baldintza klimatologiko gogorrak izan zituzten korrikalariek; tenperatura altuenak 32 graduraino heldu ziren.

06:00etan abiatu ziren korrikalariak, eta Lopetegik 12 ordu, 41 minutu eta 51 segundoko denbora egin zuen. Brooks Trail Runners taldeko Luke Grenfell-Shaw britainiarra izan zen txapelduna, 12 ordu 5 minutu eta 3 segundoko denbora eginda. Bigarren postuan Asics Trail taldeko Andreu Simon Aymerich bartzelonarra helmugaratu zen, 12 ordu, 31 minutu eta 8 segundo behar izan zituen proba burutzeko.

Camins d’Hèr (Burdinazko Bideak), Aran ibarrako gune basatienetako batzuetatik egiten den ibilbidea da. Ibarreko meatzaritzaren historia ezagutzen da, Mauberme handiaren oinetan tunelak eta meatzeak zeharkatuz, eta lakuz, ur-jauziz eta ibaiz betetako paisaietan murgilduz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!