Ibarrako eragileak elkarlanerako eta koordinaziorako batu dira

Ataria 2024ko uzt. 2a, 19:59

Ibarra Herri Hezitzailea sortu dute herriko eragile ugarik, Ibarrako hezkuntza komunitatea saretzeko eta herri moduan, hezkuntzarako estrategia bat adosteko.

Duela zenbait hilabetetatik Ibarrako hainbat eragile modu koordinatu batean elkarlanean hasi ziren. Hain justu, urtarrilean ekin zioten lanari eta ekainera bitarte, hezkuntza bere modu zabalean ulertuta herri mailako elkargunea artikulatzeko eta ezaugarritzeko lau lan saio burutu zituzten. Julen Urrestarazu hezkuntza eta gazteria zinegotziak azaldu bezala, «bilera horien asmoa eragile guztiak dinamika honen parte sentitzea zen, eta bertan beharrezkoa ikusten genuen denok nahi genuen Ibarra mota zehaztea eta inertziak sortzen joatea».

Horren emaitza izan da Ibarra Herri Hezitzailea elkargunea. Honela, Ibarra hezitzaile baterako zorua adostu eta, hezkuntza eragile ezberdinen arteko estrategia partekatu bat eraiki dute, «Ibarrako hezkuntza komunitatea saretzeko eta herri moduan, hezkuntzarako estrategia bat adosteko».

Lantaldearen lehen pausoa herriko hezkuntza arloaren argazki bat egitea izan da, «indarguneak eta ahulguneak identifikatuz, eta erronkak lehenetsiz». Horregatik, Ibarrak herri hezitzaile moduan sustatu nahi dituen balio hezitzaileak adostu dituzte. Hain zuzen, herri anitza, berdintasunean hezten duena eta feminista, zaintzailea eta jasangarria, parte hartzailea, euskalduna eta herri identitatea eta pertenentzia sustatzen duena izatea nahi dute Ibarra, besteak beste.

Aurrera begirako asmoak

Ibarrako Udalak eta Oinherri herri hezitzaileen sareak elkarlanerako duten hitzarmenaren baitatik sortu zen abiapuntua, eta Maite Azpiazu Oinherriko hezitzailea izan dute lanketan bidelagun. «Legealdia hasi zenean hezkuntza aldetik behar ezberdinak zeudela ikusi genuen, hau da, egunerokotasunean gauza negatibo asko eragiten zizkigutenak, eta, gainera, gizarte mailan erronka horiei baliabiderik jartzen ez zaienez, erantzuna ematen hasi nahi genuen Ibarratik, poliki-poliki, gauza txikiak eginez», azaldu du Urrestarazuk.

Honela, herriko eragile ugari elkartu ziren, eta arlo eta helburu desberdinetako kideak izanagatik, askotan kezka, ezin eta poz berdinak dituztela ikusi dute. Orain, lanketa horretan aurrera begira jarraitzeko konpromisoa hartu dute. Momentuz eragile hauek osatzen dute lan taldea: Udala, Uzturpe Ikastola, osasun etxea, Nura Gizarte hezitzaileak, Gaztezulo, Zugatik Gugatik, UEMA, Galtzaundi eta Txiribitu. Hala ere, lantalde irekia dela azpimarratu dute, eta herriko edozein eragile animatu dute bertan parte hartzera.

Koordinaziorako eta elkargunerako gune izatea lortu nahi dute, eta dagoeneko datorren ikasturterako erronka berriak adostu dituzte. Hala, herri mailan, ertz eta maila desberdinetatik hezkidetza lantzeko erabakia hartu dute eta horretarako plangintza partekatu bat osatzen ari dira. Horretarako, Eihera elkartearekin harremanetan jarri direla kontatu du Urrestarazuk. «Hezkidetzan adituak dira eta eragile bakoitzak identifikatuko du bere etxean zein gai gustatuko litzaioken modu koordinatu batean lantzea».

Hurrengo ikasturtean zehar, gainera, hiru hilabetero elkartzeko asmoa dute, «eragile bakoitza bere egitasmoa aurrera eramaten joateko eta, foru horietan bakoitza zertan ari den lantzen joango da, hezkidetza gaiaren inguruan zein den lanketa zehatza jakiteko eta denok elkarren artean harremanetan egoteko, modu koordinatuta batean inertziak sortu daitezen herriko hezkuntza eragilera desberdinen artean». Hala ere, su motelean egingo den egitasmoa izango dela aipatu dute, «denen erritmoak errespetatuz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!