Uzturpe Ikastolako kanpo espazioko lanak abiatuko dituzte

Ataria 2024ko uzt. 2a, 07:59

Parte hartze prozesua burutu ostean, datozen egunetan hasiko dira obrarekin; patioa eraberritzearekin batera, eraikinaren azpiko euri urak jasotzeko hoditeria berrituko dute.

Ibarrako Kilometroak jaian bildutako dirua Uzturpe ikastolako kanpoko patioa eraberritzeko baliatuko dute. Izan ere, Usue Sukia ikastolako Pedagogia arduradunak aitortu duenez, «egungo ikastolako patioa ez da jolas egiteko, esperimentatzeko edota kirola egiteko tokirik aproposena, eta arriskutsua ere bada, zenbait puntutan». Ibarrako Udalak ere proposamenarekin bat egin eta duela urtebete inguru Uzturpe Ikastolako kanpo espazioa eraldatzeko parte hartze prozesua abiatu zuen.

Horretarako, herritar guztiei zabaldutako deialdi orokorra egin zutela kontatu du Igor Zapirain Ibarrako alkateak: «Izan ere, nerabeak eta euren inguruko herritarrak ez ezik, hirugarren adineko herritarrak edota Garaguneko behar ezberdinak dituzten pertsonak ere kontuan izan behar genituela uste genuen». Uzturpe Ikastolako kanpoko espazioa «herriarena» dela eta asteburuetan zabalik egoten dela gogoratu du alkateak.

Parte hartze prozesua amaituta, herritarrei emaitzen berri emateko asmoarekin saio irekia egin zuten pasa den ostegunean, Txontxo lokalean. Bertan, diseinua kontuan hartuta, udalak onarturiko obra proiektuaren berri emateaz gain, patioko hormaren erorketaren, obraren esleipenaren eta herriko haurrentzako erakargarria den patioari bizitza eta jarraipena emateko asmoen inguruko informazioa ere zabaldu zuten.

Janire de Andres arkitektoa izan da parte hartze prozesua kudeatu duen pertsona, eta berak gidatu zuen osteguneko saioa ere. Markinar arkitektoarekin aurretik beste proiektu batzuk egin izan dituztela jakinarazi du alkateak, eta esan du «gustura» aritu direla berarekin lanean. «Asko gustatzen zaigu nola funtzionatzen duen, parte hartze prozesuak oso dinamikoak egiten dituelako eta oso baliagarria dela uste dugu, berdintasuna eta aniztasuna txertatzen baititu eta proiektu oso politak egiten ditu».

HODITERIA BERRITZEA

Uzturpe ikastolako kanpo espazioa eraberritzearen asmoetako bat, eraikinaren azpian dauden euri urak jasotzen dituzten hodiak berritzea eta «ahal den neurrian» horiek bertatik ateratzea ere izango da. Alkateak jakinarazi duenez, «duela lau urtetatik Uzturpe ikastolako patioaren arazo nagusienetakoa da ikastola azpitik ur dezente igarotzen dela, euri urak jasotzen dituen hoditeria zaharkitua dagoelako».

Horretarako obra zuzendaritza LZB enpresak eramango du eta Urbycolan S.L. enpresak egingo ditu lanak. Obraren gastua, guztira, 600.000 eurokoa izango da eta lanekin aste honetan edo datorren astean hastea aurreikusten dutela adierazi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!