Uzturpe Ikastolako kanpo espazioa eraldatzeko proposamenak aurkeztuko dituzte

Ataria 2024ko eka. 25a, 11:59

Ibarrako Udalak udazkenean abiatutako prozesuaren emaitzen berri emango du ostegunean, 18:00etan, Txontxo lokalean. Jani de Andresek gidatuko du saioa eta herritar guztiei dago zuzenduta.

Uzturpe ikastolako kanpo espazioa eremu aktibo eta bizia izan da herriko egunerokoan, eta orain, herritar guztien zerbitzura egotea bilatu nahi du Ibarrako Udalak. Horretarako, udazkenean parte hartze prozesu bat abiatu zuen, Uzturpe Ikastolako kanpo espazioa edo patio elkarrekin diseinatu eta eraberritzeko asmoz.

Orain prozesuaren emaitzen berri herritarrei zabaltzeko saio irekia egingo dute ostegunean, 18:00etan, Txontxo lokalean. Jani de Andresek gidatuko du saioa eta hurrengo gaiak jorratuko dira:

  • Diseinua kontuan hartuta, udalak onarturiko obra proiektuaren berri ematea. LZB arkitektoen proiektua, aurrekontua eta azalpenak. Zer ez den sartu eta etorkizunean zer osatu beharko den auzolanean edo proiektu txikiei esker.
  • Patioko hormaren erorketa eta azken gertakariak. Zer gertatu zen eta nola dagoen.
  • Patioko obraren esleipena eta obrari buruzko informazioa herriari. Noiz hasi eta amaitu.
  • Eta ondoren zer? Herriko haurrentzako erakargarria den patioari bizitza eta jarraipena eman.
  • Osatzea, zaintzea, aberastea, mantentzea denen artean eta denontzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!