Ostiralean hasiko dira Ibarrako Gazte Festak

Ataria 2024ko eka. 12a, 07:57

Hiru eguneko festan murgilduko dira ibartarrak, eta ostiraletik igandera arte izango dute zer ikusi eta zertaz gozatu.

Ostiralean abiatuko dira aurtengo Gazte Festak Ibarran, eta urtero bezala, Ibarrako Gazte Asanbladak egitarau zabala prestatu du. Hain justu, 18:01etan ekingo diote festari plazan, eta ondoren, 18:14etan, kata-lehiaketa egingo dute. Parte hartzaileek usaimena eta dastamena erabiliz edaria asmatu beharko dute eta irabazleak urdaiazpikoa eramango du. Interesa dutenek gaur izango dute izena emateko azken eguna eta Zubiaurre edo Atari tabernetan izango dituzte zerrendak.

Lanak amaituta, 19:33etan, Sagardo-dastaketa egingo dute, urdaiazpiko mozketarekin eta Bonberenea txarangak alaituta. Palestinar herriari elkartasuna adierazteko argazkia aterako dute tartean.

Horren ostean, 21:01etatik aurrera, bertso-afaria egingo dute Maide Garmendia, Danel Etxeberria eta Aratz Igartzabal bertsolariekin batera. Aurrez tiketa erosi beharko da eta horiek Zubiaurre eta Atari tabernetan izango dira salgai.

Iluntzean, berriz, musika taldeek hartuko dute Ibarra, 00:06etatik aurrera. Plazan, Nikotina eta Iratzar erromeria taldea izango dira, eta Gaztetxean, Mutiko eta DJ EO. 01:02etan ekitaldi politikoa egingo dute.

Larunbaterako ere egun osorako programazioa antolatu dute,  eta hain justu, 4x4 txapelketarekin abiatuko dute, 10:31etan, San Inazio futbol zelaian. LH3tik haurrerako gazteek eman ahalko dute izena eta talde bakoitzak gutxienez 4 taldekide izan beharko ditu. Interesa dutenek bihar izango dute izena emateko azken eguna eta Zubiaurre tabernan edo Goxobi dendan izango dituzte zerrendak.

IBARRAKO GAZTE FESTETAKO EGITARAUA

  • Ekainak 14, ostirala
    • 18:01. Txupinazoa, plazan.
    • 18:14. Kata-lehiaketa, plazan.
    • 19:32. Sagardo-dastaketa, plazan. Palestinar herriari elkartasuna adierazteko argazkia tartean.
    • 21:01. Bertso-afaria, plazan. Bertsolariak: Maide Garmendia, Danel Etxeberria eta Aratz Igartzabal.
    • 00:06. Kontzertuak. Plazan, Nikotina eta Iratzar erromeri taldea eta gaztetxean, Mutiko eta DJ EO.
    • 01:02. Ekitaldi politikoa, plazan.
  • Ekainak 15, larunbata
    • 10:31. 4x4 txapelketa, San Inazio futbol zelaian.
    • 17:04. Alurr dantza taldearen emanaldia, plazan.
    • 17:57. Tortilla eta txokolatada, plazan.
    • 18:33. Iago Mago, plazan.
    • 21:03. Barrikotea, plazan.
    • 22:58. Kontzertuak. Plazan, Konorte eta Muxutruk erromeri taldea eta gaztetxean, Black Snare eta DJ Rani.O.
  • Ekainak 16, igandea
    • 18:05. Antton Telleriaren bakarrizketa, gaztetxean.
    • 19:09. Desgaraian taldearen kontzertua, gaztetxean. Bitartean luncha egongo da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!