Ibartarren babesa eskertu du Gipuzkoako Minbiziaren Aurka elkarteak

Ataria 2024ko ekainaren 6a

Minbiziaren Aurka Gipuzkoa elkarteak Ibarrako biztanleen eskuzabaltasuna eskertu du, izan ere, pasa den larunbatean egon ziren herrian eta 600 eurotik gora bildu zituzten.

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak Ibarran egindako urteko diru bilketaren berri eman du. Pasa den larunbatean jarri zituzten diru ekarpenak egiteko mahaiak Ibarran, eta 607,45 euro bildu zituzten. «Helburu honekin ospatu zen eguna: gizarte osoak minbizia duten pertsonei babesa emateko; ikertzaile, osasun-langile, boluntario, psikologo eta gizarte- langileekin konpromisoa hartzeko; eta ikerketa onkologikorako dirua biltzen laguntzeko».

Hainbat boluntariok hartu zuten parte elkartasun jardunaldi horretan eta elkartea hor dagoela eta paziente zein senideei laguntzeko lanean jarraitzen duela gogorarazteko baliatu zuten hitzordua. Lortutako baliabideak ikerketa onkologikorako eta elkartearen doako zerbitzuak sustatzeko erabiliko dituzte. «Diru bilketari esker, ikerketa onkologikoko proiektuak finantzatzen eta paziente eta senideei laguntzeko programak egiten jarraitu, eta gaixotasunaren prebentzioko eta detekzio goiztiarreko kanpainak egiten jarraitu ahal izango dira. Elkartearen zerbitzu guztiak doakoak dira eta, beraz, diru bilketa bezalako ekimenak ezinbestekoak dira hauek mantendu ahal izateko». 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!