Sormenetik Gurera izeneko ekimenaren laugarren saioa izango da larunbatean Ibarran. Galtzaundi Euskara Taldeak sustatzen duen egitasmoa da, eta hain justu, Xabi Solano musikari hernaniarra izango da datorren protagonista. Ibarrako Gaztezuloko gaztetxoek egingo diote elkarrizketa, 17:30ean, Ibarrako plazako aterpetxean. Solanorekin batera izango dira oholtza gainean Nahia Telletxea, Nala Iglesias eta Maier Garmendia Gaztezuloko kideak eta Mikel Lekuona hezitzailea.
Elkarrizketa bideratzeaz gain, Gaztezuloko gaztetxoek hartu dituzte ekitaldia osatzeko ardurak, hala nola, elkarrizketa antolatu, beharrezko materialak zerrendatu, euskarri komunikatiboak sortu eta saioari forma ematea. Telletxeak azaldu bezala, «elkarrizketa hiru taldeen artean garatu dugun arren, zereginak banatu egin ditugu; lehen taldeak atrezzoa prestatzeaz arduratu da, bigarren taldea komunikazioaren antolakuntzaz eta hirugarren taldea, berriz, elkarrizketaren nondik norakoak zehazteaz».
Elkarrizketa «arin eta fresko» horretan, galdera biografikoak, gaur egungo jardunari lotuak, galdera deserosoak eta challenge dibertigarri bat ere egingo dute. «Elkarrizketan zehar zaku batetik objektu desberdinak ateratzen joango da eta bere bizitzako pasarteekin konektatu beharko ditu», azaldu du Iglesiasek.
Halaber, ekimenaren garrantzia azpimarratu du Garmendiak, «gaur egun gazte gehienak ez dute euskal musika entzuten eta garrantzitsua iruditzen zaigu bertako musika ezagutzea». Horregatik, larunbaterako gogotsu daude, «hau ez da egunerokotasunean gertatzen den zerbait eta ekimen polita iruditzen zaigu».
Hala ere, larunbatekoa ez da Ibarran egiten duten lehen saioa izango. Izan ere, duela bi urte Eñaut Elorrieta musikari gernikarrarekin egin zuten solasaldia. Oroitzapen «polita» dutela adierazi dute, «oso ondo joan zen, elkarrizketan bide eman zuelako eta oso irekia izan zen»
Sormenetik Gurera
2021az geroztik, Tolosako Azokaren testuinguruan antolatzen dira Sormenetik saioak, Euskal Herriko artistak eta sortzaileak elkarrizketatuz eta eskualdeko nerabeekin elkarlanean. Esaterako, proiektuko lehen saioan, Villabonako Malkar aisialdi taldekoek Antton Telleria kazetari tolosarra elkarrizketatu zuten; bigarren saioan, Ibarrako Gaztezuloko gazteek Eñaut Elorrieta musikari gernikarrarekin egin zuten solasaldia; eta hirugarren saioan, berriz, Villabonako Irrika aisialdi taldekoek Iker Galartza umoregile tolosarra elkarrizketatu zuten.
Idoia Lahidalga Tolosaldeko Galtzaundi Euskara Taldeko teknikariak azaldu duenez, «gazteak dira egitasmoaren protagonistak, beraien gustuko kultur sortzaile bat bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainiz, eta ez hori bakarrik, hori dena dakarren antolakuntza guztia beraien esku uzten da». Hain zuzen, eskualdeko eragileen arteko lankidetza sustatu eta nerabeen arteko harreman sareak sortzea du helburu proiektuak, euskararen eta euskal kulturaren transmisioan sakontzearekin batera.