Blues gaua egingo dute larunbatean, Ibarran

Ataria 2024ko mai. 29a, 07:58

Jac Electric eta Iker Piris Trio musikarien kontzertuaz gozatzeko aukera izango da, 20:00etatik aurrera, Idoiaga plazan, eta eguraldi txarra eginez gero San Bartolome plazako estalpean.

Blues gaua egingo dute larunbatean, Ibarran. Lehen aldia izango dute blues doinuek Ibarra hartzen dutena eta bi kontzertu prestatu dituzte egun horretarako; batetik, Jac Electric valentziarra, eta bestetik, Iker Piris Trio tolosarra izango dira larunbateko protagonistak. Bi musikarien doinuez gozatzeko aukera izango da, 20:00etatik aurrera, Idoiaga plazan.

Ekitaldi hau, Ibarrako Udalak abenduan abiatu zuen herri galdeketaren harira antolatu duela kontatu du Alberto Sukia kultur zinegotziak. «Abenduan, Kultur dinamika hauspotzen izenburupean, herriko kultur errealitatearen inguruko herri galdeketa egin genuen, eta helburua herriak arlo horretan zuen hutsunea betetzea eta merezi duen kultur eskaintza izatea ziren».

Galdetegia 206 herritarrek bete zuten eta emaitzak «argi» utzi zuten Ibarrako kultur tailer eskaintzan eta kultur kontsumoan «hutsuneak» zeudela, gazte zein helduentzat. Horregatik, geroztik, hilabetero kultur ekitaldi berri bat antolatzen saiatzen dira, eta ekainari blues doinuekin emango diote hasiera.

Emaitzek adierazi bezala, «ekitaldiak beti leku berean» egiten zirela aipatu du Sukiak, eta arrazoi horregatik, «blues gaua herriko plazatik kanpo egitea erabaki dugu». Hain justu, Idoiaga plazan izango da, Danon Txokoaren atzeko plazan.

Momentuz, herritarrak animatzen ari direla jakinarazi du zinegotziak: «Azken ekitaldia ondo atera zen eta aforo aldetik txukun, ea pixkanaka herritar gehiago animatzen diren datozen ekintzetan eta denon artean kultura hauspotzen dugun».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!