Gutxigatik ez du lortu kanporaketa gainditzea Lauburu Ibarrak

Ataria 2024ko maiatzaren 27a

Lauburu Ibarrako jokalariak, Tausteren aurkako kanporaketako itzulerako neurketa hasi baino lehen. PHOTOFUTSAL.COM

Bigarren B mailako talde ibartarrak 4-2 galdu du Tausteren aurka igoera faseko lehen kanporaketaren itzulerako partida.

Ibarrako Belabieta kiroldegian 4-3 irabazi ostean, igoera fasean aurrera egiteko aukerak zituen Lauburu Ibarrak. Baina aurrean Zaragozako Tauste taldea zuen, ligan lehen postuan geratu den talde indartsua, eta azkenean ezin izan dute aurrera egin moreek, 4-2 galduz aurkariaren etxean.

Partida aldeko jarri zen Lauburu Ibarrarentzat, lehen gola beraientzat izan baitzen, aurkariek euren atean baloia sartu ondoren. Taustek, baina, hiru gol sartu zituen lehen zatian, hirugarrena atsedenaldirako 47 segundoren faltan. Bigarren zatian, 15 minuturen faltan iritsi zen Zaragozakoen laugarrena, eta hortik gutxira, 13:47 falta zela, Zalduak Laubururen bigarrena sartu zuen. Saiatu ziren ibartarrak kanporaketa berdintzen beste gol batekin, baina markagailua ez zen mugitu, eta Taustek egingo du aurrera igoera fasean.

Lauburu Ibarrakoei, beraz, bukatu zaie aurtengo denboraldia, eta dagoeneko baja batzuen berri eman du taldeak, Cecik eta Ivanek ez baitute taldean jarraituko datorren denboraldian. «Eskerrak eman nahi dizkiegu urte honetan erakutsitako arduragatik eta konpromisoagatik. Zuen falta sumatuko dugu. Onena opa dizuegu zuen hurrengo proiektuan», azaldu dute klubetik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!