Lauburu Ibarrak igoera fasea jokatuko du

Imanol Garcia Landa 2024ko maiatzaren 15a

Areto futboleko 2. B mailako Lauburu Ibarrak bere lehenengo helburua lortu du, lehen lau postuetan sartuz eta igoera faserako sailkatuz.

Alvaro Alonso Lauburu Ibarrako kapitainak azaldu duenez, «azken jardunaldian lortu dugu laugarren postu hori, bi puntugatik. Postu horren lehian aurkari genuen Zierbanak berdindu egin zuen eta guk gure partida irabazi Alcorconen aurka». Liga gorabeheratsua izan du talde moreak. «Hasieran kosta zitzaigun sartzea igoera fasea jokatzeko postu horietan. Gero sartu ginen lehen lau postuetan, baina azken aurreko jardunaldian Zierbanak postua kendu zigun», azaldu du Alonsok.

Igoera faseko lehen kanporaketa ligako lehen sailkatuaren aurka jokatuko dute, Zaragozako Tauste taldearen aurka. Joaneko partida igandean jokatuko dute, Belabieta kiroldegian, 12:00etatik aurrera. Itzulerakoa hurrengo asteburuan izango da, Tausteren kantxan. Laugarren postuan geratzeak datorren urtean Errege Kopa jokatzeko txartela ziurtatu die moreei.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!