Telefono mugikorra erabiltzeko adina atzeratzea helburu

Ataria 2024ko mai. 10a, 11:59

Zugatik Gugatik guraso elkarteko eta merkatari elkarteko kideak, ekimena aurkezten.

Ibarrako Zugatik Gugatik Uzturpe ikastolako guraso elkartearen ekimenez, haurrek deiren bat egiteko beharra dutenean, komertzio, taberna edo eraikin publiko batera jo ahalko dute.

Zugatik Gugatik Uzturpe ikastolako guraso elkarteak haurrei telefono mugikorra emateko adina atzeratzea du helburu. Horretarako, herriaren eta herritarren inplikazioa beharrezkoa dela iritzita, ekimen berria abiarazi du. Gaztetxoek, beharra dutenetan, herriko komertzioetan, tabernetan nahiz eraikin publikoetan telefono mugikorra erabili ahalko dute. Leku horiek erraz identifikatzeko Gurea erabili dezakezu irakur daitekeen pegatinak jarri dituzte.

Zugatik Gugatik Uzturpe ikastolako guraso elkartea 2022. urtean sortu zen. Mobilen erabileraren inguruko hitzaldi baten ostean sortu zen taldea. «Kontzientzia piztu zitzaigun, eta taldea osatzeko erabakia hartu genuen», azaldu du Joseba Intxausti elkarteko kideak. Ordutik, hilero elkartzen dira Ibarrako kultur etxean, eta hainbat ekintza burutu dituzte. «Urtean bitan galdetegiak luzatzen ditugu ikastolako gurasoen whatsap taldeetan, eta, esaterako, haurrei mobila emateko adina atzeratzeko prest dauden galdetzen diegu».

Tolosako Altxa Burua guraso elkartearekin harremanetan daude, eta Gipuzkoa mailan ere hasiak dira mugitzen. «Zabaltzea, saretzea eta indarra hartzea da gure helburua, herritarren artean kontzientzia pizteko, eta horrela ekimena modu kolektiboan bultzatzeko».

Hain zuzen, Tolosako Altxa Burua guraso elkarteak iragan urteko irailean martxan jarri zuen Geurea erabili dezakezu kanpaina hartu dute eredu moduan, Ibarran ere ildo beretik jotzeko. «Ikusarazi nahi dugu Tolosan bezala, Ibarran ere badagoela gai horrekin mugimendua», adierazi du Intxaustik. Herritarrei zer pentsatua eman nahi diete, eta haurrek badaezpada mugikorra uneoro alboan izatea ez dela beharrezkoa ulertarazi nahi dute: «Deiren bat egiteko beharra dutenean, denda, taberna edo eraikin publiko batean egin ahalko dutelako».

Bada, guraso elkartetik ekimena martxan jarri ahal izateko bat egin duten eragileen babesa eskertu dute. Horien artean da Ibarrako merkatarien elkartea. Bertako kide Amaia Larrartek azaldu duenez, guraso elkartekoekin bilera bat egin zuten, eta merkatari guztiak, elkartearen barrukoak nahiz kanpokoak, ekimenarekin ados azaldu ziren. Modu horretan, haurrek herrian zehar hamaika aukera izango dituzte, beharra suertatzen denean, telefono deiak egiteko.

Zugatik Gugatik guraso elkarteak gai honetan taldean eragitea ezinbestekoa dela nabarmendu du: «Argi dago aldaketa etorriko bada, gurasoek banaka eginda ez dela etorriko, taldetik etorriko da. Bestela, haurrek segituan esango dizute bere lagunek badutela mugikorra, eta bera dela ez duen bakarra». Abiarazi duten ekimenarekin zein orain arteko ekintzekin hori da lortu nahi dutena, gainerako gurasoak ere «kutsatzea» eta geroz eta gehiago izatea, eragin ahal izateko.

Bestalde, elkartetik adierazi dute ez daudela teknologiaren aurka, horren erabilera desegokiaren aurka baizik: «Teknologia hemen dago eta ona da, baina erabilerak osasuntsua behar du izan». Izan ere mugikorren erabilera goiztiarrak eta desegokiak eragin «kaltegarriak» dituela haurrengan adierazi dute, buru osasuneko arazoak kasu, eta ikastolan bertan hasiak direla nabaritzen ohartarazi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!