'Auzolangintza' dokumentala proiektatuko dute bihar, Ibarran

Ataria 2024ko apirilaren 23a

Iker Iriarte alegiarrak eta Pablo Dendaluze tolosarrak egindako Auzolangintza dokumentala proiektatuko da bihar, 18:30ean, Ibarrako kultur etxean.

Tolomendi Landa Garapen elkarteak, beste hainbat erakunderekin batera enkarguz ekoiztu zuten Auzolangintza izeneko Iker Iriarte alegiarraren eta Pablo Dendaluze tolosarraren lana. Hain zuzen, 2021ean jarri zuten proiektua martxan, eta bi urteko lanketaren ondoren, dokumental bat eta Agurtzane Belaunzaran berrobitarrak osatutako gida praktiko bat argitaratu zituzten. Bihar, 18:30ean, Ibarrako kultur etxean proiektatuko dute dokumentala.

Horren bidez, auzolanak historian zehar izan duen eta gaur egun duen garrantzia balioan jarri nahi izan dute. Dokumentalean auzolan eredu ezberdinak jaso dituzte, bai Euskal Herrikoak, baita kanpokoak ere, Avila edo Maroko kasu, eta XXI. mendeko auzolan ereduaren inguruan hausnarketa bultzatzen du 45 minutuko ikus-entzunezko honek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!