Oria Sport Wear enpresak jantziko ditu pilotari profesionalak

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 18a, 15:44

Apatta industriagunean dagoen enpresan egin da pilotarien kirol arropa berriaren aurkezpena.

Pilotari profesionalek Oria Sport Wear Ibarrako enpresaren kirol arropa jantziko dute. Hainbat pilotariren presentziarekin egin dute aurkezpena Apatta industriagunean dagoen enpresan bertan. Baiko Pilota eta Aspe Pelota enpresetako launa pilotari izan dira, tartean eskualdeko Erik Jaka, Jokin Altuna eta Xabier Tolosa.

Oria Sport Wear enpresako ordezkari Rakel Uribeetxeberriak hartu du hitza, eta gogora ekarri du enpresa duela bost urte jaio zela. «Gure erronka handiena hemengo jendearekin lan egitea zen, eta hemengo jende eta kirolarientzako arropak egitea. Guretzetako oso garrantzitsua da kirolariekin ikastea. Horregatik, arlo ezberdinetako kirol arropak lantzen ditugu: arrauna, mendi lasterketak, patinajea, herri kirolak, txirrindularitza...», azaldu du, eta kirol horietako ordezkariak aurkezpenera joan izana eskertu du. «Orain pilota profesionala iritsi zaigu, guretzako erronka polita dena. Oso pozik gaude, eta espero dugu gure pilotariak pozik egotea. Beti hobetzeko gaude, ikasteko, eta hori da gure nahia».

Uribeetxeberriak nabarmendu du enpresan bertan egiten dela prozesu osoa, eta hori dela beraien «eginkizun garrantzitsuena». Bi marka dituzte, ZU·K eta HI·K, eta pilotariek ZU·K markakoa eramango dute. «Ehun oso bereziekin egindakoak dira, oso ondo transpiratzen dutenak eta elastikoak. Praketan ere aldea nabarituko dute. Erosoago jokatuko dute arropa horiekin». Entrenamendurako arropa berezia izango dute ere pilotariek. «Horren helburua da entrenamenduetan laguntzea eta errendimenduan hobetzea».

Inaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialak ere parte hartu du aurkezpenean: «Ikusten da zer elegante dauden pilotariak. Eskertzen diogu Oria Sport Wear enpresari pilotarengatik apustu egitea. Espero dezagun hemendik aurrera pilota munduak oihartzun berezia ematea enpresa honi, eta urtetik urtera denok batera hazten joatea. Zorionak, arropa oso elegantea delako». Bere aldetik, Unai Iglesias Baikoko zuzendari komertzialak ere eskerrak eman dizkio enpresari: «Denok batera espero dugu enpresa aurrera joatea. Rakelek esan duen moduan, denok ikasteko gaude, pilotarientzako arropa oso eleganteak dira, eta pixkanaka joango gara beharrezko egokitzapenak egiten».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!