Aurtengo Elkartasun Kilometroa,  Tolosaldea Sahararentzat

Ataria 2024ko apirilaren 11

Uzturpe Ikastolako ikasleek elkartasun ekimena egingo dute gaur, beste urte batez; biltzen duten dirua kanpalekuetan bizi diren haurren bizi baldintzak hobetzera bideratuko dute.

Aurten ere Uzturpe Ikastolak Elkartasun Kilometroa ekimena egingo du. Gaur izango da, 15:00etatik aurrera, eta biltzen duten dirua Tolosaldea Sahararekin elkartera bideratuko dute. Izan ere, bigarren hiruhileko honetan, LH 6. mailako ikasleek ongizate hitzaren inguruan hausnartu dute. «Esanahia ulertu ostean, herrialde garatuen eta garatzeko bidean dauden herrialdeen arteko ezberdintasunak aztertzeari ekin diogu, Euskal Herria eta Sahara gure kasuan. Bi herrialde hauetako bizi baldintzak oinarri izanik, hauen inguruko informazioa bildu dugu, horretarako, gonbidatu bereziak izan ditugularik; alkatea, ikastolako zuzendaria, ikasle baten ama eta Tolosaldea Sahararekin elkarteko kide bat», azaldu dute. Hain justu, Elkartasun Kilometroarekin bukatuko dute proiektu hori. 

Gaur 15:00etatik aurrera hortaz, ikasleak plazaren inguruan korrika ariko dira. Horretarako, babesle taulak eman dituzte aurrez, etxeetara, eta babesle horiek eman duten diruaren araberako bueltak emango dituzte korrika. Norbaitek diru ekarpen berezia egin nahiko balu 943 53 66 09 telefono zenbakira deitu behar du. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!