Ibarran neurtutako elkarrizketen erdiak, euskaraz

Aitor Arroyo Askarai 2024ko mar. 11a, 10:47
Bi emakume Ibarrako taberna bateko terrazan eserita. AITOR ARROYO

Iazko kale neurketen arabera, Ibarran %52,3k erabiltzen dute euskara, %43,4k gaztelera, eta %4,3k beste hizkuntza bat. Azken hogei urteetan lau puntu egin du behera euskararen erabilerak. Gazteak dira euskara gehien erabiltzen dutenak. 

Artikulu hau Gipuzkoako Hitzan argitaratu da

Aurkeztu dituzte hizkuntzen erabileraren 2023ko kale neurketaren emaitzak, eta Ibarran elkarrizketen %52,3 izan dira euskaraz, %43,4 gazteleraz, eta %4,3 beste hizkuntza batean. Azken hogei urteetan lau puntu jaitsi da euskararen erabilera. Denera, 864 elkarrizketaren eta 2.501 hiztunen informazioa bildu dute emaitza horietan. Galtzaundi Tolosaldeko euskara taldeak, Ibarrako Udalak eta UEMAk elkarlanean aurkeztu dituzte emaitzok, eta azaldu dute jasotako datuen «bolumen handiak» ahalbidetzen duela fidagarritasun estatistikorako baldintzak bermatzea.

Eragileen arabera, Ibarran (4.100 biztanle) ere euskararen kale erabilera «berrindartu» egin zen 1990eko hamarkadan, baina, 2000. urteaz geroztik, beheranzko joera hartzen ari da «apurka-apurka». Izan ere, 2000ko hamarkadako lehendabiziko urteetan, %56koa zen batez besteko euskara erabilera, eta azken neurketetakoa, %50ekoa da. Jesus Peñagarikano Euskara zinegotziak esan du kalean ez dela «aldaketa handirik nabaritzen». Egoera zehatz aztertzeko, hilean behin biltzen da Euskara Batzordea. Administrazioa euskalduntzeaz harago, herriko «ohiko lekuetan» ere euskara sustatzea du helburu batzordeak.

Kaleko datuak erregistratu zituzten lehen urteetako emaitzen arabera, haurrak ziren euskara gehien erabiltzen zutenak. Hiru puntu jaitsi da ordutik. Datuen arabera, gazteen erabilerak ere «igoera nabarmena» izan zuen 1990eko hamarkadan, eta azken hogei urteotan mantendu egin da datua. Helduen artean, berriz, beheranzko joera hartu du euskararen erabilerak azken bi hamarkadetan, bi puntu inguru jaitsi baita. Adinekoen artean hauteman dute alderik handiena, hamar puntu baino gehiago jaitsi baita 2000tik.

Amaia Zabala, Ibarrako  Udaleko euskara teknikaria: «Joera handia dago etorkinak jotzeko erantzuletzat, baina bertako jende askok egiten du erdaraz euskara jakinda ere» .

Peñagarikanoren iritziz, euskara jakinda ere «heldu dezentek» hitz egiten du gazteleraz. Haren ustez, «asko izan daitezke» arrazoiak: besteak beste, gazteleraz ikasi ondoren euskara mantendu arren gaztelerara jo dutela gehienek; inguruan euskara ulertzen ez duen bateren bat egotea; zenbait gai gazteleraz lantzeko ohitura izatea... Bat dator Amaia Zabala Ibarrako udal euskara teknikaria, eta esan du badela beste ezaugarri bat ere: euskaldunei «sendotasuna eta konfiantza» falta zaiela hizkuntza hautuari eusteko. «Joera handia dago etorkinak jotzeko erantzuletzat, baina bertako jende askok egiten du erdaraz euskara jakinda ere», esan du Zabalak. Horregatik, etorri berriengan «arreta handia» jartzen delakoan dago Zabala, baina iritzi dio egoeraren erantzukizuna bertakoena ere badela.

Belaunaldi berriak eta euskara
Datuek diote helduen arteko elkarrizketen %45 euskaraz direla. Helduak eta haurrak nahasten diren taldeetan, erabilerak hemeretzi puntu egiten ditu gora. Haurrak kalean egon ohi ez diren garaian egindako neurketan entzun da euskara gutxien; zehazki, ostiral goizetan. Kontrara, larunbat goizetako zein arratsaldetako neurketetan gehiago aditu da euskaraz: hogei puntu gehiago.


Jesus Peñagarikano Ibarrako Udaleko Euskara zinegotzia eta Amaia Zabala Euskara teknikaria,
Ibarrako plazan. A. ARROYO

Nerabeetan antzeman dute hizkuntza «osasuntsuen». Izan ere, gazteen artean erabiltzen da euskara gehien (%72), eta apur bat gutxiago haurretan (%67). Horien ondotik, heldu-gazteek darabilte gehien euskara (%50); hurrena, heldu-nagusiek (%39) eta, gutxien, adinekoek (%37). Dena dela, bada alderik gazteen artean: 24 urte baino gutxiago dituztenen artean, %68k erabiltzen dute, eta 25 urtetik gorakoen kasuan, %41ek.

Euskararen auziarekin gizartea «erlaxatuta» dagoelakoan daude Peñagarikano eta Zabala, eta iradoki dute hori izan daitekeela egoera «trabatu» izanaren arrazoietako bat. Hari berari tiraka, Peñagarikanok dio zenbaitek uste duela «goizeko ihintza iristen den bezala» heldu dela euskara egungo egoerara: «Gaur egun badago gabezia moduko bat: belaunaldi berriekin ez dugu asmatu egoeraren garapena zein izan den kontatzen».

Hizkuntza kopuruak, gora
Ibarran 34 jatorritako jendea bizi da, eta hori kalean entzuten diren hizkuntzetan ere antzematen dela diote Peñagarikanok eta Zabalak. Zehaztu dute hogei hizkuntza baino gehiago erabiltzen direla herrian. 2015ean egin zen neurketaz geroztik, euskaraz eta gazteleraz bestelako hizkuntzak ere erregistratzen dituzte, eta horiek inoizko presentziarik handiena izan dute azken azterketan: %4,3koa —Tolosaldeko herrietako altuena—. Haurrek eta guraso gazteek erabiltzen dituzte gehien beste hizkuntza horiek: heldu-gazteetan %11 neurtu da, eta haurren artean, %5.

Jesus Peñagarikano Ibarrako Udaleko Euskara zinegotzia: «Gaur egun badago gabezia moduko bat: belaunaldi berriekin ez dugu asmatu egoeraren garapena zein izan den kontatzen».

Euskara zinegotziak eta teknikariak nabarmendu dute Ibarrako Udala jakitun dela herriko hizkuntza errealitateaz, eta horregatik, hain zuzen ere, hainbat proiektu dituela martxan, «egoera hobetzea» helburu. Horien artean da, besteak beste, udalak Galtzaundirekin batera sortutako Auzoko egitasmoa, etorkinak herriko komunitatean integratzeko asmoz.

Beste hainbat ekinbide ere badituzte. Esaterako, xede bat da sustatzea ikastetxetik kanpo haur eta gazteen euskara erabilera. Hori bultzatzeko herriko eragile guztiek «lan handia» egiten dutela uste dute udaleko ordezkariek, eta iritzi diote denen arteko elkarlana «ezinbestekoa» izango dela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!