Ibarrako hainbat auzoetako errealitateak bilduko dituzte bihar

Ataria 2024ko martxoaren 6a

Ibarrako Udalak Auzoz Auzo ekimena abiatu du berriro auzoetako egoera gertutik ezagutzeko, eta bihar egingo dute lehen bilera 19:00etan, San Inazio auzoko Bizi Nahi jubilatuen elkarteko lokalean; San Inazio auzoa, Emeterio arrese, Apatterreka, Otarreaga eta Molpoido auzoetako bizilagunek udal ordezkariekin auzoari buruz hitz egiteko aukera izango dute.

Martxan da Ibarrako Udalak antolatzen duen Auzoz Auzo ekimena, herriko auzoetako egoera gertutik ezagutzeko helburuarekin. Horrela, auzoetan bizi diren herritarrekin bilerak egingo dituzte, euren ideia eta proposamenak entzuteko. Bihar egingo dute lehenengo batzarra, 19:00etan, San Inazio auzoko Bizi Nahi jubilatuen elkarteko lokalean. Bertan, ondorengo auzotarrekin elkartuko dira udal ordezkariak: San Inazio auzoa 1-17, Emeterio arrese 1-24, Apatterreka 1-15 bakoitiak, Otarreaga 1-11 eta Molpoido.

Udaletik adierazi dutenez, «auzoan bizi direnek ezagutzen dute hobetoen bertako egoera eta, beraz, bertakoek dakite auzoak zer behar duen». Horregatik, auzoari dagozkion hainbat gai landuko dituzte, besteak beste, udalak zein aurreikuspen dituen auzoarekiko, orain arte egin diren aldaketak zergatik egin dituzten, eta hemendik aurrera zer egingo duten. Bide beretik, bizilagunek aukera izango dute haien galderak udal ordezkariei zuzenean egiteko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!