Eider Mendoza Ibarrako Voith lantegian izan da

Tolosaldeko Ataria 2024ko ots. 27a, 16:33
Argazkia: Gipuzkoa.eus

Lantegiaren azpiegiturak ezagutzearekin batera, aurrera begirako proiektuak eta egungo egoera ekonomikoa ezagutzeko aukera izan dute; etorkizunean Ibarran «inbertsio handi» bat egitea aurreikusten du Voith-ek.

Voith taldearen Ibarrako instalazioak bisitatu ditu Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak. Voith talde industrial teknologikoa mundu mailakoa da eta energia, papera, lehengaiak, garraioa eta automobilgintza bezalako sektoreetarako sistema, produktu, zerbitzu eta aplikazio digitaletan espezializatua dago. Diputatu nagusiarekin batera, Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko zuzendaria izan da Ibarrako lantegian, eta bertan, Maitane Illarramendi Voith Hydroko zuzendari nagusiarekin eta Marcos Garcia de la Torre Voith Papereko zuzendari nagusiarekin bildu dira, beren proiektuak ezagutarazi eta egungo egoera ekonomikoa aztertzeko.

Voith taldeko arduradunek aldundiko ordezkariei taldearen etorkizuneko erronkak eta planak azaldu dizkiete. Hain zuzen, Ibarran «inbertsio handi« bat egitea aurreikusten dute. Instalazioak 2007an inauguratu ziren, eta 18.800 m2-ko lursailean daude. Mendozak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Plan Estrategikoaren berri eman die, nabarmenduz, ekonomia sustapena dela lau ardatz nagusietako bat, «arreta berezia jarrita industriaren lehiakortasuna laguntzeko programetan, eraldaketa handietako egungo testuinguruan».

Marcos García Voith Papereko zuzendari nagusiak azpimarratu du Voithek Gipuzkoan industria proiektu iraunkorra duela, 55 urte baino gehiago baitaramatza, eta lehiakortasunean «abantaila» duela «giza taldeagatik eta tokiko hornitzaileen sare zabala dutelako», elkarrekin lanean urte asko daramatzatela.

Bestalde, Eider Mendozak balioan jarri du Voith bezalako enpresen ekarpena, «aukera ematen digutelako lurralde industrial eta aurreratua izateko», eta «Gipuzkoa eta Euskadi aukeratuz egiten duten apustua». «Mende bat baino gehiagoko ibilbidea duen enpresa global batez ari gara, aberastasuna eta enplegua sortzen ditu eta errotze horren aldeko apustuarekin jarraitzen du inbertsio garrantzitsuak eginez». Diputatu nagusiak azpimarratu duenez, «Gipuzkoaren asmoa da lurralde erakargarri eta emankorra izaten jarraitzea balio erantsi handikoak eta teknologikoki aurreratu eta berritzaileak diren enpresa proiektuak ezarri eta garatzeko, horrekin laguntzeko industria sarea lehiakorra finkatzen trantsizio digital eta ekologikoaren aurrean. Nire ustez Voithek oso ondo irudikatzen du asmo hori».

1918an sortu zen enpresa Talleres de Tolosa SA izenarekin, eta Voithek 1968an erosi zuenean, VotihTolosa SA izena hartu zuen. Bisitan, diputatu nagusia konpainiak Ibarran dituen bi ataletan barrena ibili da; Voith Paper eta Voith Hydro dira bi atalak eta 230 langile aritzen dira bertan. Lehenari dagokionez, Heidenheimekin (Alemania) batera, Voithek Europako, Ekialde Ertaineko eta Afrikako merkatuetarako paper-makinak birgaitzeko eta paper mota guztietarako pastak prestatzeko dituen bi zentroetako bat da.

Voith Hydro dibisioa Voith taldearen parte da, eta linea osoko hornitzaile liderra eta zentral hidroelektrikoen ekipamendurako bazkide bat da. Voithek soluzio eta zerbitzu iraunkorrak garatzen ditu, bezeroaren neurrira, mundu osoko zentral hidroelektriko txiki eta handietarako. Produktu- eta zerbitzu-zorroak bizi-ziklo osoa eta zentral hidroelektriko txiki eta handien osagai nagusiak estaltzen ditu, hala nola sorgailuak, turbinak, ponpak eta automatizazio sistemak, ordezko piezak, mantentze lanak eta prestakuntza zerbitzuak, bai eta energia hidroelektrikoaren ekoizpen adimendunerako soluzio digitalak ere.

Voith Paper dibisioa ere Voith taldekoa da. Paper-industriaren linea osoko hornitzaile gisa, Voith Paperek merkatuko teknologia, zerbitzu, osagai eta produktu sorta zabalena eskaintzen du, eta paper-fabrikatzaileei irtenbideak eskaintzen dizkie iturri bakarrean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!