Herriko kultur eskaintza indartuko du Ibarrako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2024ko ots. 21a, 07:59

Ibarrako kultur eskaintzan hutsuneak daudela eta areto «egoki» baten beharra dagoela uste dute herritarrek; areto berriaren lanketarekin hasi da udala.

Ibarrako kultur errealitatearen inguruan duten iritzia eman zuten herritarrek, iaz, udalak zabaldutako galdetegi baten bitartez. Kultur dinamika hauspotzen izeneko ekimenaren barruan egin zuten, herriak kultur arloan duen «hutsunea» bete eta Ibarrak «merezi» duen kultur eskaintza izatea helburu bezala hartuta.

Bada, behin herritarrek euren ekarpena eginda, informazio hori guztia jaso eta proposamen eta ideia guztiekin «hausnartze lanketa sakona» egin dutela jakinarazi du Nagore Zubillaga zinegotziak. Galdetegia 206 herritarrek bete zuten eta parte hartzearekin «pozik» daudela esan du Zubillagak: «horrelako ekimen bat antolatzen duzunean ez dakizu zein izango den erantzuna, aurretik egindako beste galdeketa batzuetan, esaterako, ez ditugu hainbeste jaso».

Galdetegia belaunaldi ezberdinetara zabaltzen saiatu ziren eta lortu dute, 15 urtetik beherako 114 herritarrek eta 15 urtetik gorako 92 herritarrek bozkatu baitute. «Udaletik horrelako ekimenak antolatzen ditugunean beti jende berdinarengana iristen garenaren sentsazio dugu, baina oraingoan, belaunaldi ezberdinetara iritsi garela ikusi dugu». Adibide moduan, jubilatuen elkartea eta ikastola aipatu ditu.

Zubillagak esan duenez, herritar bakoitzak norbanako bezala erantzun du, eta jasotako erantzunen artean, «gauza oso interesgarriak» ikusi dituzte. Hori bai, erantzunak «orokorrak eta anitzak» izan direla dio: «ez ditugu eskaera zehatzak jaso, parte hartu duten gehienek orokortasunetik hitz egin dute». Beraz, ondorio «zehatzak» ateratzea ez dela erraza izan adierazi du zinegotziak: «gainera, emaitza asko kontraesankorrak ere izan dira: esaterako, askok kultur mailari dagokionez ekintza gehiago nahi dituztela adierazi duten bitartean, beste askoren kasuan, nahikoa gauza antolatzen dira».

Dena den, erantzunei erreparatuta, «argi» geratu da kultur tailer eskaintzan eta kultur kontsumoan «hutsuneak» daudela, gazte zein helduentzat. Horregatik, hemendik aurrera «gauzatxoak» antolatzen joango direla adierazi du Zubillagak. Dagoeneko hasiak direla horretan gehitu du, eta kultur etxean ikusgai dagoen Fernando Rojoren Begirada bat mundura, mundutik begiradak argazki-erakusketa jarri du adibide moduan.

KULTUR ARETOAREN BEHARRA

Kalitatezko kultur eskaintzak gauzatu ahal izateko areto «egoki» baten premia dagoela ere ikusi dutela herritarrek dio zinegotziak: «daudenak txikiak edo desegokiak direla horietan jarduera desberdinak antolatzeko uste dute herritarrek». Erabilera hori izango lukeen espazioaren aurreproiektuarekin martxan jartzea espero dutela adierazi du Zubillagak: «lanketa horretan hasiak gara, eta dagoeneko leku batzuk ikusi ditugu, herrira egokitzen diren edo ez jakiteko». Prozesua «luzea» izango dela aitortu du, eta legealdia bukatzerako nahiko bideratuta utzi nahi dutela.

Bestalde, herritarrengana iristen jarraitzeko helburuarekin postontzi bat jarriko dute kultur etxeko sarreran eskuz ekarpenak egiteko eta Ibarra.eus webgunearen bitartez ere egin ahal izango dira. Hain justu, udal taldeak deialdia egin nahi die herritarrei kultur tailerretan eta kultur kontsumoan parte-hartze aktiboa izan dezaten, «ezin baita herritarren parte-hartzerik gabe inolako kultur dinamikarik hauspotu».

Era berean, galdeketan parte hartu duten herritar guztiak eskertu nahi izan dituzte, baita herriko kultur eragile guztiak ere, «euren parte hartzerik gabe jarduerak aurrera eramatea ez litzatekeelako posible izango».

Ibarrako Udaletik adierazi dutenez, herriko kultur eskaintzaren maila handitzea erronka «handia» da: «Lana badugu, baina ziur herritar eta kultur eragile guztion laguntzarekin aurrera aterako dela».

 

.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!