Fernando Rojok solasaldia eskainiko du ostegunean Ibarran

Ataria 2024ko otsailaren 20a

Fernando Rojoren 'Begirada bat mundura, mundutik begiradak' izeneko argazki-erakusketa ikusgai dago Ibarrako kultur etxean; ostegunean, artistarekin aurrez aurre egoteko aukera izango da 18:00etatik aurrera.

«Munduko bazter bakoitzak, gizatalde bakoitzak, norbanako bakoitzak du bere begirada. Begirada bakoitzak du bere xarma. Begirada bakoitza da berba bat, hitz bat, begiek ere hitz egiten dutelako. Kameraren fokua ere bada hori islatzeko modu bat, bide bat, bazter, txoko bakoitzean begiraden bitartez hitz egiten duen jendearen erretratua. Begirada bat munduari, eta era berean irribarre bat munduko bazterretatik hona». Hala deskribatu du Fernando Rojok bere azken lana: Begirada bat mundura, mundutik begiradak. Hain zuzen, hilaren 29ra bitarte izango da ikusgai Ibarrako kultur etxean; astelehenetik (goizez itxita) ostiralera, 10:30etik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Horrez gain, ostegunean, argazkilaria kultur etxeko areto nagusian izango da, 18:00tan. Bertara gerturatzen diren herritarrek berarekin argazkiak ikusi eta irudien inguruko hainbat pasarteren inguruan aritzeko aukera izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!