Beste behin Munduko Sokatira Txapelketan izango dira Ibarrakoak

Imanol Garcia Landa 2024ko ots. 7a, 16:00
Ibarra Sokatira Taldeko kideak, gaur goizean, Munduko Txapelketara bidean.

Bihartik aurrera izango da jokoan txapelketa, eta lau mailatan ariko dira parte hartzen Ibarra Sokatira Taldekoak.

Elastiko morea ikusgai izango da bihar eta etzi Munduko Sokatira Txapelketan. Egun horietan kluben arteko txapelketak izango dira jokoan eta bertan parte hartuko du Ibarra Sokatira Taldeak. Suediako Helsingborg herrian egingo da txapelketa bihartik igandera bitarte, eta hirugarren eta laugarren egunean selekzioen arteko lehiak izango dira.

Ainara Otamendi Ibarra Sokatira Taldeko kideak azaldu duenez, Munduko Txapelketan parte hartzea «sari bat ere badela esan daiteke. Euskal Herriko txapelketa jokatu ostean, entrenamenduekin jarraitzeko beste aukera bat da, eta kanpora joateak beste talde batzuk ezagutzeko aukera eskaintzen du. Euskal Herrian badakigu nola tiratzen dugun gehientsuenok, eta esperientzia bezala izugarria da, bai beteranoentzako, akaso erronka bat delako, eta baita berrientzako ere, mundu bat irekitzen delako beraientzako».

Ibarrak lau mailatan parte hartuko du: emakumezkoen 500 eta 540 kilotan, gizonezkoen 600 kilotan eta misto kategoriako 580 kilotan. 500 kilotan hogei talde ariko dira lehian, 540 kilotan bederatzi, 600 kilotan hogei eta mistoan hamabost inguru. 23 urtez azpiko mailan ez du talderik aterako Ibarrak, baina taldeko batzuk ariko dira lehian beste klub batzuekin eta selekzioarekin. Ibarrako tiratzaile guztiak joango dira: hamahiru emakumezko eta bederatzi gizonezko. Horrez gain, entrenatzailea, laguntzaileak eta ingurukoak ere joango dira txapelketara. Gaur goizaldean atera dira Suediara, eta gaur bertan egingo dute txapelketen aurretik egin beharreko pisaketa.

DOMINAK, IAZ BAINO ZAILAGO

Emakumezkoen taldeak iaz bi brontzezko domina lortu zituen. «Aurtengoan nahiko genuke ere dominaren bat lortzea», esan du Otamendik. «Baina jakitun gara aurten Taiwaneko talde dezentek eman dutela izena, eta Txina ere hor dago. Inoiz ez zaigu gertatu Taiwango hiru talde izatea, eta aurten, besteak beste, horri egin beharko diogu aurre. Ez dakigu zehazki zer maila izango duten, baina kontuan hartzekoak izango dira. Nik uste dut podiuma aurreko urtean baino zailagoa egongo dela, baina saiatuko gara dominaren bat ekartzen».

Gizonezkoen taldea batez ere parte hartzera joango da eta talde bezala egonkortzea izango dute helburu. Maila mistoan taldeek gorabehera asko izaten dituztela dio Otamendik: «Emakumezkoak eta gizonezkoak nahastuta zer maila egongo den jakitea oso zaila da. Saiatuko gara, baina urtetik urtera maila igotzen ari da».

IBARRA SOKATIRA TALDEA

Emakumezkoak

  • Anne Belaunzaran Idarreta
  • Uxue Zabaleta Telleria
  • Oihane Sarasola Nosellas
  • Agurtzane Beloki Balerdi
  • Ainara Otamendi Elizalde
  • Andrea Aldazabal Merino
  • Argiñe Intxaurrondo Arroyo
  • Laida Zabaleta
  • Naroa Flores
  • Alaitz Sotil Olano
  • Leire Sotil Olano
  • Saioa Iriarte
  • Eneritz Arruti

Gizonezkoak

  • Mikel Lizartza Colomo
  • Lander Otermin Munain
  • Iñigo Aizpuru Lizarralde
  • Beñat Arruti Aizpurua
  • Eneko Epelde Eizagirre
  • Javier Otermin Echarri
  • Iñaki Galarraga Aizagirre
  • Patxi Xabier Eizagirre Ucin
  • Jon Ander Pontesta

Entrenatzailea

  • Imanol Otermin Munain

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!