Lauburu Ibarra Gipuzkoako Kopako irabazle

Ataria 2024ko otsailaren 5a

Antiguokoren aurka irabazi zuen larunbatean, 2-0, Donostiako Gaska kiroldegian.

Lauburu Ibarrak areto futboleko Gipuzkoako Kopa lortu du Antiguoko taldearen aurka 2-0 irabazi ondoren. Donostiako Gaska kiroldegian jokatu zen finala larunbatean. Eneritz Rodrigo Lauburu Ibarra taldeko kapitainak azaldu duenez, «hasieratik genekien partida erraza ez zela izango. Batetik sei jokalari joan ginelako eta baja garrantzitsuak izan genituelako. Bestalde, Antiguoko talde indartsua delako, eta ondo ezagutu arren, gauzak erraz ez dizkigulako inoiz jarri». Argi zuen talde morekoek «partida ondo irakurtzen» jakin behar zutela hasieratik, eta beraien «onena ematea» zela garrantzitsuena: «Defentsan indartsu egonez, eta erasoan genituen aukerak aprobetxatuz. Hori izan zen gakoa handiena».

Hamargarren minutuan iritsi zen lehen gola. «Bagenekien partida oso luzea izango zela, baina gauzak bide beretik eginez finala ondo joango zela. Horrek ekarri zuen lehenengo zatia 1-0eko markagailuarekin bukatzea. Bigarren zati luze bat etorri zen, eta fisikoki asko nabaritu zen gutxi ginela, baina ahalik eta onena ematen saiatu ginen, eta ahalik eta errazena jokatzen», azaldu du Rodrigok. Horrek bere emaitza ekarri zuen Lauburu Ibarrakoentzat, bigarren gola eginez, bukatzeko hamabost minutu falta zirela. «Golak lasaitasuna eman zigun, baina argi genuen lanean jarraitu behar genuela, beraiek gola sartuz gero gauzak berdinduko zirelako», zehaztu du Rodrigok. «Baloiaren jabetza ahalik eta gehien izaten saiatu ginen, eta hori izan zen partida horren gako nagusia. Ahalik eta lasaiena jokatu genuen, presiorik gabe; bagenekien zer genuen eta zer ez, eta asko disfrutatu genuen». Kopa etxera ekartzea lortu zuten, eta partida polita izan zela gaineratu du kapitainak: «Azken finean, emakumezko areto futbolean Gipuzkoan azpiegitura gutxi dago, eta horrelako final batera jende dezente azaldu zen. Eskertzekoa da federazioari, Lauburu Ibarra klubari eta baita bertara joan ziren guztiei egindako lan guztia».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!