Ibarrako 500 kiloko taldea, bigarren postuan

Ataria 2024ko urtarrilaren 30a

Azkenean ez da posible izan. Ibarra Sokatira Taldekoek emakumezkoen 500 kiloko mailan Euskal Herriko txapela lortzea zuten helburu, Pobesen jokatutako finalean, baina azkenean bigarren postuarekin konformatu behar izan dute.

Beti Gazte izan da beste behin gailendu dena, eta Lesakako taldeak ordezkatuko du Euskal Herriko Selekzioa Munduko Txapelketan. Ibartarrek estu hartu zituzten lesakarrak, baina azkenean ez zuten lortu garaipena. Amaiur izan zen hirugarren postua lortu zuena.

Larunbatean jokatu zen ere gizonezkoen 560 kiloko finala, eta Ibarrak seigarren postuan amaitu zuen. Jendea falta zitzaien eta tiratzaile berriekin aritu ziren. Beti Gazte izan zen garailea eta bigarren Ñapurrak izan ziren.

Igandean 23 urtez azpikoen finalak jokatu ziren. Ibarrak Abadiñoko tiratzaileekin nahastuta parte hartu zuten. Emakumezkoetan Ibarra izenarekin parte hartu zuten eta irabazi egin zuten. Gauza bera egin zuten mutilezkoen mailan, kasu horretan Abadiñoko izenarekin parte hartuz. Misto mailan ere lehiatu ziren, bi talderekin. Abadiño-Ibarra A taldeak irabazi egin zuen, eta Abadiño-Ibarra B taldea laugarren izan zen.

Euskal Herriko Txapelketari amaiera eman diote asteburuan jokatutako final horiekin, eta hurrengo txapelketak mundukoak izango dira. Aurten Suedian egingo da Munduko Txapelketa, otsailaren 8tik 11ra, eta Ibarra Sokatira Taldekoak bertara joango dira. Kluben arteko modalitatean parte hartuko dute, lehen bi egunetan.

Argazkiak: POTRONKO

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!