Ibarrako Voith Hydro enpresako langile bat hil da Galizian, istripuz

Ataria 2024ko urtarrilaren 26a

Iturria: Google Maps

Voith Hydro enpresako 56 urteko gizonezkoa makina batek harrapatuta hil da Ourenseko zentral hidroelektriko batean. LABek salatu du 2024an 10 direla jada lan istripuz hildako langileak.

Asteazkenean Ibarrako Voith Hydro enpresako langile bat hil zen Ourenseko Rubía herriko zentral hidroelektrikoan. LABek jakin ahal izan duenez, langilea makina baten harrapatua hil zen eta suhiltzaileek erreskatatu behar izan zuten bere hilotza.

Sindikatuak salatu du 2024a hasi denetik 10. hildakoa dela eta hirugarren hildakoa industria arloan, makinak harrapatuta edo hauen kolpeen ondorioz. 1997tik, langileentzako eskuragarri jartzen diren makinek araudi zorrotza bete behar dutela gogoratu du, baina gaur egun oraindik ere ohikoa dela araudia betetzen ez duten makina arriskutsuak nonahi topatzea. «Ez da kasualitatea beraz, urteroko ezbeharren tauletan makinek eragin handia izatea. Patronalak inpunitate osoz egiten ditu arauen ez betetzeak, nahiz eta araudiak hamarkadak daramatzan abian».

Gehitu du Osalan zein Lan Ikuskaritza eraginkorrak ez izateko sortuak izan direnez, patronalak lasai jarraitzen duela lan osasunerako neurriak bete gabe. «Lan osasuneko araudia, ez betetze gehien pairatzen dituen araudi bezala da ezaguna esparru juridikoan. Egitura instituzional horiek iraultzen ez diren bitartean, patronala kontrolatu eta isuntzeko plangintza gogor bat ezartzen ez den bitartean, egoerak berdin jarraituko du. Guzti hau gure bizitzarekin ordaintzen dugularik». 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!