Txapelaren bila joango dira Ibarra Sokatira Taldekoak larunbatean

Imanol Garcia Landa 2024ko urt. 23a, 16:34

Ibarra Sokatira Taldeko zortzikoa, kategoria mistoko finalean. POTRONKO

Euskal Herriko Txapelketaren bi final jokatuko dira larunbat honetan, eta Ibarrakoek emakumezkoen 500 kiloko kategorian jarrita dute irabazteko helburua.

Euskal Herriko Txapelketaren azken txanpan sartuta daude sokatiran, eta larunbatean Ibarrakoak txapela lortzeko asmotan joango dira Pobesera (Araba). Emakumezkoen 500 kiloko mailan dute bereziki aukera lehia horretan izateko, Ainara Otamendi Ibarra Sokatira Taldeko kideak azaldu duenez: «Ideia txapelaren bila joatea da. Emakumezkoek bi kategoria izaten ditugu, pisu handiaz eta txikiaz bereizten ditugu. Pisu handian lehiatik nahiko kanpo geratu gara, eta kategoria txikira pasa garenean lehiakortasun handiagoa izan dezakegula ikusi dugu, eta gure esperantza hortik dator». Beti Gazte izango da aurkari nagusia txapela lortzeko lehia horretan.

Euskal Herriko txapeldun geratuz gero aukera izango dute Euskal Herriko Selekzioa ordezkatzeko Munduko Txapelketan. Aurten Suedian egingo da txapelketa, otsailaren 8tik 11ra, eta Ibarra Sokatira Taldekoak joango dira bertara. Lehen bi egunetan kluben arteko txapelketak izaten dira, eta azken bietan selekzioen artekoa. Kluben artekoan ziur izango dira ibartarrak, eta nahi dute selekzio bezala ere parte hartu. Horretarako larunbateko finalean nagusitu egin behar dira.

Bestalde, igandean 23 urtez azpikoen txapelketak egingo dira Berriozarren. Bertan Ibarrako tiratzaileak izango dira, eta Abadiño taldeko kideekin osatuko dituzte taldeak. «Topaketa moduko bat izaten da, gazteei aukera gehiago eskaintzeko», esan du Otamendik. Mutiletan Abadiño izenarekin lehiatuko dira, eta bertan Ibarra taldeko kideak egongo dira. Emakumezkoetan, Ibarra izenarekin aterako dira, eta Abadiño taldeko zenbait tiratzaile izango dira bertan. Azkenik, misto kategorian Ibarra-Abadiño izenarekin parte hartuko dute.

Hirugarren eta bosgarren, aurreko asteburuan
Aurreko asteburuan bi final izan zituzten, eta bietan parte hartu zuten Ibarrakoek. Gizonezkoen 600 kiloko finalean bosgarren sailkatu ziren. «Aurrez sailkapen probak jokatu zituzten, eta mutilak nahiko gustura zeuden finalera sartzeko aukera horrekin», azaldu du Otamendik. «Aurreikuspenak beste batzuk dira, parte hartzea da, baina final gogor batean sartzeak ere aukera ematen du borrokatzeko eta gustura daude lortutakoarekin». Beti Gazte izan zen irabazle kategoria horretan.

Igandean jokatu zuten kategoria mistoko 580 kiloko finala, eta Ibarrak hirugarren postua lortu zuen. Maila horretan lau emakumezko eta lau gizonezko lehiatzen dira. «Borrokan sartuta ibili ziren taldekideak, baina sailkapenean nabarmendu zen talderen bat, eta txapela lortzeko lehia zaila izango zela garbi zegoen. Azkenean bigarren posturako berdinduta geratu ziren Berriozar taldekoekin, eta tiraldi guztien ondoren berdinketa hautsi egin behar zen eta Berriozarrek irabazi zuen, baina borrokatutako tiraldi gogorren ostean, eta gustura lortutako emaitzarekin», zehaztu du Otamendik. Beti Gazte izan zen kategoria horretan ere garaile.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!