Gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatzeko hitzaldia egingo dute Ibarran

Tolosaldeko Ataria 2024ko urt. 17a, 16:00

Ibarrako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzarekin batera antolatutako Treba Gurasoak egitasmoaren baitan, 'Seme alaben autoestimua elikatzen' hitzaldia antolatu du otsailaren 5ean, 17:30etan, Txontxo lokalean; Nerea Mendizabal psikopedagogoak gidatuko du saioa.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren prestakuntza-ekimena da Treba Gurasoak, eta gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzea du helburu. Udalaren esanetan, «haur eta nerabeen heziketa-prozesuan, guraso guztiek behar dute momenturen batean laguntza, guraso bezala dituzten funtzioak era egokian garatzeko. Laguntza edo sostengu horrek, ordea, ez du izan behar konpontzailea edo terapeutikoa bakarrik; aitzitik, helburu prebentiboa izan behar du, eta familiako kide guztien garapena sustatu».

Gurasoei laguntza hori emateko asmoz, Ibarrako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzarekin batera, Seme alaben autoestimua elikatzen hitzaldia antolatu du otsailaren 5ean, 17:30etan, Ibarrako Txontxo lokalean. Nerea Mendizabal komunikazio ez bortitzeko trebatzaileak, psikopedagogoak, Gizarte Hezkuntzan diplomatua eta haur-masajeko hezitzaileak gidatuko du hitzaldia.

Hitzaldira gerturatzeko interesa dutenek otsailak 1a baino lehen eman beharko dute izena Gaztezulon, kultur etxean, 943 67 03 99 zenbakira deituta edo 688 81 03 00 Whatsapp zenbakira idatzita.

Bigarren edizioaren balorazio «positiboa»

Aurreko ikasturtean programa honen bigarren edizioa egin zen, eta, hain zuzen, gurasoei beren seme-alaben heziketa-prozesuan laguntzeko 103 hitzaldi eta tailer antolatu ziren Gipuzkoako 48 udalerritan. Hezkuntza-jarduera horiek elkarlanean garatu zituzten Gipuzkoako Foru Aldundiak, udaletako haur, nerabe eta gazteen sailek, guraso-elkarteek, ikastetxeek eta beste hainbat eragilek. Guztira, 2.493 gurasok hartu zuten parte, eta beren batez besteko balorazioa oso ona izan zela adierazi dute, «9,20koa, hain zuzen ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!