Ibarrako I. Hezkuntza Plan Komunitarioa osatuko dute

Tolosaldeko Ataria 2024ko urt. 17a, 11:58

Gizarte aldakor honetan dauden erronka berriei erantzun bat ematen saiatzeko asmoarekin abiatu du ekimena Ibarrako Udaleko hezkuntza sailak. Horretarako, hiru saio antolatu ditu, eta lehena datorren asteartean 17:00etatik 19:00etara izango da, kultur etxean.

Egungo erronkei aurre egiteko guztion indarrak batu eta erantzun integral bat ematea da Ibarrako Udalaren helburua, eta horretarako, herritarren elkarlana eta konpromisoa ezinbestekoak dituztela adierazi dute udaletik: «Hainbat zarete dagoeneko plan honen hausnarketan eta sorreran parte hartzeko konpromisoa adierazi duzuen eragileak eta herritarrak». Hortaz, hiru saio proposatu ditu aurtengo lehen hiruhilekorako. Saio guztiak kultur etxean izango dira 17:00etatik 19:00etara, eta Oinherri herri hezitzaileen elkartearen aholkularitza izango dute prozesua martxan jartzeko.

Hiru saio

Lehen saioa urtarrilaren 23an izango da eta diagnostiko partekatua egingo dute. Bertan, jada egiten diren egitasmoak zerrendatu; egitasmo hauek aurrera eramaten dituzten eragileak identifikatu; eta indarguneak eta ahulguneak identifikatuko dituzte erronkak definitzeko.

Bigarren saioa otsailaren 20an izango da, eta hezkuntzarako herri estrategia garatuko dute. Bertan, aukera ezberdinak mahai gaineratu; testuinguru bat kokatu; eta herri bezala ipar konpartitu bat eraiki, erronkak definitu eta lehentasunak adostuko dituzte.

Hirugarren eta azken saioa martxoaren 19an izango dute, eta bertan, plangintza partekatua egingo dute. Maiztasuna, funtzionamendua, elkarrekin egin ditzaketen ekintzak eta baliabideak identifikatuko dituzte eta plangintza partekatua definituko dute.

Bertaratzeko asmoa duten herritarrek aldez aurretik jakinarazi beharko dute euskara@ibarra.eus helbidera idatziz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!