Ibarrako horma irudia munduko onena izateko lehian

Ataria 2024ko urtarrilaren 9a

Munduko 100 horma irudi onenen artean dago Aitor Otaño eta Nextor Otaño aita-semeek iaz margotu zuten horma irudia herriko sarreran. Urtarrilaren 31 arte eman ahalko da bozka Street Art Cities webgunearen bitartez.

Street Art Cities webgune espezializatuaren arabera, 2023an mundu osoan egin diren 100 horma irudi onenetatik lau Euskal Herrian daude. Ibarrako, Baionako eta Ondarroako horma irudi bana agertzen dira lehen orrialdean sari nagusia jasotzeko aukera duten 50 horma irudien artean. Bigarren atalean, berriz, Ondarroako beste bat ageri da 15 horma irudiko talde baten artean Impact Award sarirako hautagai.

Bozketa ireki berri dute eta bozka urtarrilaren 31 arte emateko aukera izango da Street Art Cities webgunearen bitartez.

Ibarrako horma irudia

Ibarrako sarreran dagoen horma irudia Aitor Otaño eta Nextor Otaño (@nexgraff) aita-semeek margotu zuten iaz. Ibarrako Udalak, herriko merkataritza indartzeko eta merkataritza horren iraupena bermatzeko jarri zuen martxa egitasmoa, eta 15 egunetan margotu zuten 33 metroko altuera eta 7 metroko zabalera dituen artelana. Bertan, biloba eta haren amona Ibarrako baratze batean lanean agertzen dira.

Ibarrakoarekin batera, sari nagusia jasotzeko hautagai den Baionako horma irudia ere Nexgraff margolari gaztearen lana da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!