Urteko azken sprinta

Leyre Carrasco 2023ko abenduaren 31

Hauspoa kultur elkarteak, merkatari elkarteko kideen laguntzaz antolatu du Ibarrako X. San Silvestre lasterketa. Ehunka haur, gaztetxo eta heldu aritu dira urtea korrika agurtzen.

Haurrak lehenak izan dira lasterka egiten, eta helduen txanda izan da ondoren. San Bartolome plazatik abiatu dira korrikalari gaztetxo guztiak 16:00etan, eta urteroko puntualitate osoz egin dute. Txikienak prest, baita gurasoak ere, kamerak eskuan eta eztarriak bero animoak luzatzeko asmoz. Ikurriña jetsita eman diote hasiera aurtengo San Silvestre lasterketari. 

Gaztetxoek 300 metrotako ibilbidea egin behar izan dute, eta geroz eta helduagoak zirenak, metro gehiagoko lasterketa osatu dute. Hala, infantil mailakoek, 1.800 metro burutu behar izan dituzte lasterka. Helduenek, aldiz, 5.400 metrotako ibilbidea osatu behar izan dute.

Aurten, hamargarren aldiz ospatu dute lasterketa hau ibartarrek, eta antolatzaileek adierazi bezala, aurten helduen parte hartzaile kopuruaren errekorra gainditu dute. Izan ere, aurten 192 korrikalarik eman dute izena. Beste edizioetan bezala, parte hartzaileak saritu nahi izan dituzte, irabazleen gainetik. Horrela, behin lasterketa guztiak amaitu ondoren, aurten edizioko kamiseta eta gozoki banatu dituzte. Antolatzaileek, bestetik, herriko merkatarien eskutik 35 produktu zozketatuko dituzte korrikalari guztien artean. Aurten, gainera, elkartasun keinua izan dute eta inskripzioarekin batera janari bilketa egin dute. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!