Urtezahar krosa, hamargarrenez

Imanol Garcia Landa 2023ko abe. 22a, 19:59

Ainhoa Muñagorri eta Manke Davila urte hauetako elastikoekin.

Herrian jai giroa zabaltzeko antolatutako ekimenak arrakasta izan du eta aurten hamargarren aldiz egingo dute.

X. Urtezahar krosa egingo dute Ibarran urtea jai giroan bukatzeko. Ainhoa Muñagorri eta Manke Davila hasi ziren antolatzen duela 12 urte, baina pandemia dela eta etenaldi motz bat egin behar izan zuten, eta aurtengoa hamargarrena izango da.

 

Muñagorrik gogoratu du krosa antolatzen hasi aurretik abenduaren 31n Ibarrako plaza hutsik geratzen zela, eta horregatik erabaki zutela krosa antolatzea. «Denak Tolosako Urtezahar krosera joaten ginen, han zegoelako kros bakarra, eta Ibarran ere antolatzea pentsatu genuen. Herrian giroa sortu nahi genuen. 2011n Hauspoa elkartera jo genuen, egitura bat behar genuelako, eta ondo hartu gintuzten. Orduan hasi ginen krosa antolatzen».

 

Muñagorri eta Davilak antolatzen dute guztia, baina 40tik gora boluntarioren laguntza izaten dute. «Bion artean egiten dugu, berez ez duelako zailtasun berezirik, baina boluntario askoren laguntza izaten dugu eta eskerrak eman behar dizkiegu».

 

Izen ematea doakoa izaten da, baina helduei janari pakete bat eramatea eskatzen diete eta janari kilo dezente biltzen dituzte urtero. «Elkartasun keinu bat egiten dugu janari pakete bat eskatuz», gogoratu du Muñagorrik.

 

Helburua urteko azken egunean jai giroa zabaltzea da eta hori dela eta «ez dago ez irabazlerik, eta ezta galtzailerik ere». Hori bai herriko merkatarien eskutik sari asko izaten dituzte eta dortsaletako zenbakiak erabiliz zozkatzen dituzte. «Ez dugu sari banaketarik egiten. Hasieran helduen artean lehen gizonezkoari eta lehen emakumezkoari saria ematen genien, baina urtero berdinak izaten ziren eta beraiek ere nazkatu ziren. Orain helduen artean zozketak egiten ditugu». Gazteei elastikoa oparitzen diete eta txikienei gozoki zorroak ematen dizkiete.

 

Mozorrotzeko deia

 

Urtero elastiko berria ateratzen dute eta urtero kolore desberdin bat izaten du. Aurten ez dute aurreratu nahi izan zein koloretakoa izango den elastikoa. Krosa koloretsua izatean nahi dute eta parte-hartzaile gazteenei hamar urte hauetako elastikoren bat eramateko eskatu diete, eta helduei ere egin diete beste eskaera bat: mozorrotzea. «Batzuk mozorrotuta ateratzen dira eta oso polita da. Ea aurten jende gehiago animatzen den mozorrotzera». Aurten kartel desberdina egin dute eta ez da urteroko piperra aterako, logotipoa aldatu baitute.

 

Krosa

 

Urtezahar krosa 16:00etan hasiko da. Ordu horretan DBH 2 arteko haur eta gazteek hartuko dute parte eta 16:30ean izango da helduen txanda. Egunean bertan eman daiteke izena 14:30ean plazan jarriko dute postuan, izan ere, aurten ez dute mahairik jarriko abenduaren 30ean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!