Banatu dituzte Ibarra-Galtzakomik lehiaketako sariak

Ataria 2023ko abenduaren 16a

Euskarako komiki lehiaketaren 16. edizioan 263 komiki jaso dituzte; Libe Carballoren ‘Beldur naiz, eta zu?’ lana argitaratuko du Danonartean argitaletxeak.

Galtzaundi Euskara Taldeak, Ibarrako Udalarekin elkarlanean, antolatzen duen Ibarra-Galtzakomik Komiki Lehiaketako sari banaketa ekitaldia egin zuten atzo, Ibarrako kultur etxean. Lehiaketaren 16. edizioa izan da aurtengoa, eta orotara, 263 komiki jaso dituzte, Euskal Herriko hamaika txokotatik.

Lan guztiak aztertzeaz Yurre Ugarte idazlea, Joseba Larratxe Josevisky arkitekto eta komikigilea eta Ainara Azpiazu Axpi ilustratzailea arduratu dira, eta behin kategoria ezberdinetako irabazleak zehaztuta, atzo sariak banatzeko ekitaldia egin zuten. Sari potoloena, eta aurtengo berezitasuna, hau da, komikietako bat Danonartean argitaletxearekin argitaratzeko aukera, atzo jakin zen. 17 urtetik gorakoen kategorian bigarren saria irabazi duen Libe Carballok izango du bere Beldur naiz, eta zu? komikia argitaratuta ikusteko aukera. Danonartean argitaletxeak beste lan bat ere nabarmendu du, Ana Zubizarretaren Plastiko baten istorioa eta Ibarrako merkatarien opari txekea jasoko du.

XVI. Ibarra-Galtzakomik Komiki Lehiaketara aurkeztutako lan guztiak Ibarrako kultur etxean egongo dira ikusgai, abenduaren 29ra arte.

Irabazleak

  • 13-16 urte bitarte
    • 1. Saria: Lorategiko erregina Paula Ansorena Irizar. Saria: 200 euro + komiki bilduma.
    • 2. Saria: Urrutiko intxaurrak Aitor Aristi Imaz. Saria: 100 euro + komiki bilduma.
    • Aipamena: Lagunak Maialen Zabala Arozena. Saria: Komiki bilduma.
    • Ibarrako onena: The super bikers Amets Mendizabal. Saria: Ibarrako merkatarien oparia + komiki bilduma.
  • 17 urtetik gora
    • 1. Saria: Nire Itsasoa Julen Madariaga Murua. Saria: 700 euro + Kuku jatetxean bi lagunentzako afaria.
    • 2. Saria: Beldur naiz, eta zu? Libe Carballo Aranburu. Saria: 300 euro + Eguzki Lore tabernan bi lagunentzako afaria.

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!