ERREPORTAJEA

Sokari tiraka, eten gabe

Imanol Garcia Landa 2023ko abe. 17a, 07:58

Ibarra sokatira taldeko hainbat kide, Belabieta frontoian. I.G.L.

Ibarra Sokatira Taldea 2009tik ari da lehiaketa ofizialetan parte hartzen. Oraingo denboraldian emakumezko zein gizonezko taldeak ditu lehian, eta Euskal Herrikoaz gain Munduko Txapelketa dute begiz jota.

Gipuzkoan talde bakarra dago sokatira kirolean aritzen dena goma gaineko modalitatean: Ibarra Sokatira Taldea. Egun 24 sokatiralari daude, 13 emakumezko eta 11 gizonezko. Emakumezkoetan lau dira ibartarrak, gainerakoak ingurukoak dira, eta Betelutik ere hainbat kirolari etortzen dira. Gizonezkoetan bi dira ibartarrak, eta gainerakoak Gipuzkoa osotik etortzen dira: Azpeitia eta Azkoitia ingurukoak, zein Usurbil eta Errenteria aldekoak. Aresoko bi sokatiralari ere ari dira Ibarran. Gipuzkoako talde bakarra izateak hainbat lekutako kirolariak izatea eragiten du.

Emakumezkoetan lauzpabost dira beteranoak, eta taldea osatzeko, orain hiru urte iritsi ziren beteluarrak. Bloke egonkorra eraiki dute gaur egun, eta aurten gainera, pare bat neska berri hasi dira. Gizonezkoetan ere lauzpabost beterano daude; Aresotik datozenak sokatiran ibili dira aurretik, baina hainbat urtetan ez dira txapelketetan lehiatu. «Aurten hiruzpalau hasi dira taldean, eta, beraz, ez dago zortziko bloke beterano bat», esan du taldeko kidea den Beñat Arruti usurbildarrak. «Hor dago gure erronka: nola iritsi Ibarrako eta eskualdeko jendearengana probatu dezan sokatira, eta ondoren, taldean mantentzeko». Kanpotik begiratuta, kirol erraza ematen duen arren, teknika konplexua duela dio, eta hasieran pazientzia behar dela. «Luzera begira gure artean mantentzen direnekin sekulako giroa sortzen dugu, eta gustura hartzen den kirola da. Hori nola transmititu asmatu behar dugu».

Elizondon jokatutako lehen jardunaldia, 540 kilotan, iragan abenduaren 2an. POTRONKO


Ainara Otamendi ibartarra taldeko kide beteranoetako bat da: «Emakumezko kirol talde bat mantentzea ez da erraza, amatasuna tartean dagoelako. Aldaketa handiak izaten dira denbora epe oso laburrean. Beti ibili izan gara ezin osatuz, baina azkenean osatzen dugu. Azken hamar urteetan taldea mantendu dugu, eta behintzat, lortu dugu plazan egotea». Leire Olano beteluarra txikitatik beti ibili izan da herri kiroletan bere herri inguruan, Araxes taldearekin: «Ez dakit orain dela zenbat hasi ginen sokatira serioago hartzen. Hasiera batean, Araxesen hasi ginen, eta hor ere segitzen dugu, baina kontua da gure baldintzak direla eta, erdiak unibertsitatean ari gara ikasten, astean zehar Betelun bertan entrenatzeko zaila egiten zaigula. Batzuk Ibarrara etortzen hasi ginen eta hemen jarraitzen dugu».

Gipuzkoan, zuloa herri kiroletan

Nafarroan herri kirolei gaztetatik beste bultzada bat ematen zaiela dio Otamendik: «Konbinaden formatua daukate, eta txikitatik herri kirolak beste modu batera bultzatzen dira, hemen Gipuzkoan egiten ez dena. Handik adar bat etorri zitzaigun, eta hori baliatzen ari gara, Beteluko kasta». Erronka bat du hor Ibarrako taldeak. «Nafarroako eredua ezagutu dugu, eta urrutitik baina ikusten ari gara funtzionatzen ari dela. Lan oso polita egiten ari dira. Hemen saiatu ginen iaz herri kirol eskola sortzen eta urtebete mantendu genuen Ibarrako ikastetxeko ikasleekin, baina ez da erraza horri jarraipen bat ematea», esan du Otamendik. «Gaur gaurkoz ez dago plaza bat beraientzako; herri kirolen ikuspegia nahiko jolas modukoa da, ez da kirol gisa ikusten, eta hor badago jauzi bat egin beharra; atzetik gabiltza Gipuzkoan. Gabezi bat dago, zulo bat dago».

 

Leire Olano: «Gure baldintzek eraman gaituzte Ibarran entrenatzera; gustura gaude eta ez dugu talde bat utzi nahi»



Olanoren iritziz, Gipuzkoan herri kiroletako talde bakarra izateak areagotzen du egoera: «Nafarroan hainbat herritan daude herri kirol taldeak, eta horrek ere eragina du. Behin parte hartzen hasten zarenean, beste taldeetakoak ikusten dituzu, eta lehia ere sortzen da, eta giro polita izaten da». Ibarra eta Araxes taldeen artean, beraz, harremana dute gaur egun. «Gure baldintzek eraman gaituzte Ibarran entrenatzera; gustura gaude, eta ez dugu talde bat utzi nahi. Nola edo hala moldatzen gara bi taldeetan ahalik eta lan txukunena egiteko», esan du Olanok. Lauko txapelketan, talde bakoitzean lau sokatiralari aritzen direnean, Araxes bezala aritu dira. Orain, zortziko txapelketa hasi dela, Ibarrarekin lehiatzen dira. Araxesetik erabaki dute Euskal Herriko Txapelketan momentuz ez parte hartzea. «Gaztetxoagoak gara bertan aritzen garenak, hamabost eta hamasei urteko neskak ere baditugu, eta momentuz ez parte hartzea erabaki da, baina gure helburua bada noizbait ateratzearena», dio Olanok. «Ikusiko dugu, Ibarra ez dugulako albo batera utzi nahi».

Ibarra Sokatira Taldea 2009an hasi zen lehenengo aldiz txapelketa ofizial batean. Aurretik baziren Ibarrako gizonezko sokatiralari batzuk Astigarragako Auzolan taldekoekin entrenatzen zutenak. Pixkana bertakoak uzten joan ziren, eta ikusi zuten Tolosaldeko jende gehiago geratu zela, eta lekualdatzeaz hausnartu eta Ibarran hasi ziren entrenatzen. Festetan zenbait apustu egin ziren, tartean emakumezkoena ere, eta hortik sortu zen ere Ibarran emakumezkoen taldea sortzearena.


Elizondon 640 kilokoan lehiatzen, abenduaren 2an. POTRONKO

Hainbatetan parte hartu du taldeak Munduko Txapelketan, eta dominak ere irabazi dituzte. 2012an Eskozian egindakoan, lehenengo aldiz misto modalitatea atera zen, eta hor urrea irabazi zuen Ibarrak. Azken dominak aurtengo martxoan egindakoan lortu dituzte: emakumezkoen taldeak bi brontzezko domina lortu zituen kluben arteko modalitatean.

Herriko Belabieta kiroldegian entrenatzen dute. Polea berezi bat jarri zuten bertan, ia tona batera iristen dena, eta txapelketako gomak jarrita dituzte. Txapelketak antolatzeko baina, ez dituzte eskatzen diren goma ofizialak, eta federaziotik ekarri behar izaten dituzte Belabietan antolatzeko. Entrenatzen duten lekuan itoginak ere izaten dituztela azaldu du Arrutik: «Belabieta berritu dute orain gutxi, baina kirol kantxaren zatia; guk aurrekoan entrenamendua erdizka utzi behar izan genuen hemen itoginak hasi zirelako».

Munduko Txapelketa jomugan

Zortziko modalitatea da berezko txapelketa ofiziala, eta horretan murgildu berri dira. Lauko txapelketa Ibarran jokatu zen, eta bertan emakumezkoek irabazi zuten eta gizonezkoak laugarren geratu ziren. «Laukoa sokatira promozionatzeko sortu zen, historikoki apal samar egon zelako. Txapelik ez du izaten, ez delako ofiziala, baina guretzat balioa du», zehaztu du Otamendik.

 

Ainara Otamendi: «Laukoa sokatira promozionatzeko sortu zen, historikoki apal samar egon zelako; txapelik ez du izaten, baina guretzat balioa du» 



Beste lauko txapelketa bat jokatu da, Berriozar klubak antolatutakoa. Izan ere, federazioak erabaki batzuk hartu zituen, lauko lehiari dagokionez: jende berriak tiratu behar zuela bai edo bai, eta horrekin haserrea sortu zen taldeen artean. Hori horrela, Berriozar taldeak erabaki zuen txapelketa hori antolatzea. «Laukoak pisu handia hartu du, eta federazioak jarritako baldintza izan da lau tiratzaileetatik bik fitxa berria izatea, aurtengoa edo iazkoa. Taldeak ez daude ados, guretzako laukoak pisua hartu duen txapelketa bat delako, eta guretzat garrantzitsua da eta entrenamendu on bat da», esan du Otamendik. «Urte batean bi berri izan ditzakezu, baina beste urte batean ez, eta ezin duzu parte hartu. Txapelketaren parte hartzea asko jaitsi daiteke. Ez dakigu federazioa zenbateraino den kontziente horrek egin dezakeen minaz. Gure haserrea hortik doa: kaltetan gehiago ikusten dugula hoberako baino». Berriozarko txapelketa horretan lehen postua lortu zuten emakumezkoek, eta gizonezkoek laugarrena.

Zortziko txapelketari dagokionez, Ibarrak gizonezkoetan hiru pisutan parte hartzeko asmoa du: 640 kilokoan eta 600 kilokoan parte hartzea ziurra da, eta 560 kilokoan nahiko lukete. «Talde zabala ez garenez, kilotan sartzearena aparteko erronka bat da. Momentuko egoerak esango dugu, baina hiru horietan parte hartu nahi dugu», esan du Arrutik. Helburua ahalik eta parte hartze onena egitea dela dio, hau da, finalera sailkatzea. «Gero dominaren bat lortuz gero, ikaragarria izango litzateke. Ez dago erraza, talde indartsuak daudelako».

 

Beñat Arruti: «Zorionez Ibarrak protagonismoa badu, baina jakin behar da autokritika egiten, eta ez da mutilen txanda, emakumeena baizik»



640 kiloko lehen jardunaldia jokatu da, eta bertan seigarren postua eskuratu dute ibartarrek. «Zorionez Ibarrak protagonismoa badu, baina jakin behar da autokritika egiten, eta ez da mutilen txanda, emakumeena baizik. Dominetarako serio egongo dira», esan du Arrutik. «Mutiletan aldaketa bat izaten ari da, taldea egonkortzen eta berriro indarrak hartzen ari da, urte batzuetara hor egoteko». Eskarmentuak garrantzi handia du sokatiran, Arrutik nabarmendu duenez: «Esperientzia duen jendea elkartzen bada, eta bloke hori indartsu badago, tiraldietan eragina du eta aukerak benetan handitzen dira».

 

Ainara Otamendi: «Aurten sendotzeko gaude, eta saiatuko gara txapelak irabazten; Munduko Txapelketa hor izanik, euskal selekzioaren saria hor dago» 



Emakumezkoen taldeak egun dauden bi mailetan parte hartuko du, 540 eta 500 kiloetan. Lehen jardunaldia jokatu da 540 kilokoan, eta bigarren postuan daude ibartarrak, Beti Gazteren atzetik. «Saiatuko gara ahalik eta gehiena ematen. Aurten Gaztedi ez da aterako, eta nik nahi nuen beraien aurka tira egitea, talde indartsuak parean izatea ondo etortzen baita», esan du Olanok. Azken urteotan Beti Gaztek jantzi ditu txapel ugari, eta aurreko urtean hor ibili zen Ibarra bigarren postuan nahiko sendo, gora begira. «Ea aurten lortzen dugun salto bat gehiago egitea», azaldu du Olanok. «Iaz taldekide asko hasi ziren, eta guretzako bloke berri bat zen», esan du Otamendik. «Aurten sendotzeko gaude. Saiatuko gara txapelak irabazten; Munduko Txapelketa hor izanik, euskal selekzioaren saria hor dago, eta bereziki garrantzitsua da Euskal Herrikoan paper on bat egitea».

Txapelketa mistoan ere parte hartuko dute ibartarrek. Aurreko denboraldian bigarren egin zuten eta aurreko bi txandetan txapela lortu zuten. Aurrekoan, borrokan egon ziren lehen postua lortzeko. «Aurten ere lehiatzera joango gara. Munduko Txapelketan ere modalitate hori badago, eta selekzio bezala joateko aukera dago beraz», esan du Olanok.



Munduko Txapelketa otsailaren 8tik 12ra izango da, Suedian. «Han ospatuko ditugu inauteriak», diote. Bi lehiaketa izaten dira: batetik kluben arteko txapelketa, eta bestetik selekzioena. Euskal Herriko Txapelketa irabazten duen klubak ordezkatzen du euskal selekzioa. Ibarrak ez badu txapelketarik irabazten ere bertan izango da, kluben arteko txapelketan parte hartzen. Helburua emakumezkoetan Euskal Herrikoan txapeldun izatea da eta Munduko Txapelketan Euskal Herria ordezkatzea da. «Jakitun gara lan zaila izango dela».

Euskal Selekzio moduan Munduko Txapelketa batera joaten den bakarrenetako kirola da sokatira. «Zorionez euskaldun bezala, Euskal Herriak maila handia du», esan du Arrutik. «Munduko Txapelketan ondo aritzen da Euskal Herria, eta baloratuak eta errespetatuak gara, eta hori oso polita da». Azken urteotan emakumezkoetan euskal talde ugari egongo dira. «Guri esker mantentzen da emakumeen txapelketa mundukoan», esan du Otamendik. «Gertatu izan zaigu talde gehienak euskaldunak izatea. Hor badago nonbait zulo bat, gu betetzen ari garena. Egia da maila altua markatzen duela euskal selekzioak, batez ere pisu txikienetan».

POTRONKO.


Munduko Txapelketan sortzen den giroa «oso berezia» izaten dela dio Olanok: «Bakarrik euskaldunak izateagatik, eta norbaiti behinola aurpegia ikusteagatik, lagunak zarela sentitzen duzu. Elkarren artean nola animatzen garen ere berezia izaten da». Elkar laguntzen direla gaineratu du Otamendik: «Euskaldun izatearen izaera hori mantentzen da, eta Munduko Txapelketan sinergia hori sortzen da».

Beste kirol batzuekin aldaratuta, euskara gehiago entzuten da sokatiran, bai entrenatzaileekin eta baita epaileekin ere. «Gehiago nahiko genukeela entzun? Noski, baina hori ere bada klub bakoitzaren errealitatearen araberakoa», esan du Arrutik. «Polita da Munduko Txapelketan euskaraz hitz egitea».

Ibarra talde oso euskalduna dela dio Otamendik: «Geure burutik ez da pasatzen euskara ez den beste hizkuntza batean hitz egitea, baina beste taldeetako hainbati gaztelera zein frantsesa entzuten zaie, eta maiz. Denetik dago. Gero badago Ibarrakoekin euskaraz egiteko halako egoera bat». Halere, «oso kritikoa» da euskararen erabilerarekin sokatiran: «Gertatu izan da federazioko bileretan gazteleraz entzutea, eta Iparraldekoak ondoan izan, eta konturatu ez dutela ulertzen eta zu itzultzen egotea».

Soka sentitzea

Sokatira barrutik ezagutzen ez duenak, indarrarekin bakarrik zerikusia duen kirol bat dela pentsatuko du, baina askoz konplexuagoa da. Arrutik gogora ekarri du Usurbilen nola bizitu izan duen: «Usurbilen bere garaian izan zen zaletasun handia sokatiran, baina gurera ez zen iritsi. Guretzako beti izan da festetako kirol bat, txosnetan modu informal batean egiten dena. Baina benetan hemen entrenamenduetan hasten zarenean, eta komatxo artean profesional moduan hasten zarenean entrenatzen, ikusten duzu benetan kirol konplexua dela, eta konplexutasun horri esker dela polita. Ikusten duzu hobetzen zoazela kirolari bezala eta taldean ere hobetzen zoazela».


POTRONKO.


Alde teknikoa ikasteko modu bakarra dagoela diote: sokan jarrita. «Ikusten duzu hasieran nola eragiten zion zuk sokan jartze horrek, eta urtetik urtera zure garapenari esker taldeak hobeto funtzionatzen duela, eta hori oso gauza polita da. Sekretu bakarra sokan orduak sartzea eta pazientzia izatea da», dio Arrutik. Sokatira oso anitza dela dio Olanok: «Askotan entzun izan dut jendeak esaten nola ariko den sokatiran, ez duela indarra, gehiegi pisatzen duela... Kontua da ikasten joatea nola egin indarra eta hor teknika sartzen da. Pisuari dagokionez, kategoria ezberdinak daude, eta, beraz, pisu ezberdineko jendea behar da».

Estrategiak bere garrantzia du. «Xake partida moduko bat da», esan du Otamendik. «Ikasten duzu aurkariak nola tiratzen duen, eta aurrez pentsatutako partida bat da. Talde baten aurka ez duzu berdin tiratzen, eta bestearen jokoa apurtzeko modu jakin batean tiratzen duzu». Sokatiraren bilakaera begiratuz gero, urte batetik bestera ezberdin tiratzen dela gaineratu du, «elkarrekiko estrategia puntu bat duelako». Dantza bat dela dio Arrutik: «Irakurri behar duzu dantza hori, eta hor dago erronka». Otamendik azaldu duenez, «ez du agian talde indartsuenak edo teknikoenak irabazten, baizik momentu hori ondoen irakurri duenak, edo beste taldea ondoen blokeatzen asmatzen duenak».

Estrategia horiek lehiaketan aurrera eramateko «soka sentituz» egiten dute. Beraien artean komunikatzeko elkarrekin ordu asko pasa behar dituztela diote, elkarri ondo ezagutu eta soka sentitu egin behar dutela. «Hori nabaritu egiten da», esan du Otamendik. «Zuk ahalegindu behar duzu aurkariak zure mugimenduak ez aurresaten, eta zure talde guztia konturatu dadila zu zer egitera zoazen». Kontuan izan behar da sokatiralariak ez daudela denbora guztian ehuneko ehunean tira egiten. Adibide bat jarri du Arrutik: «Berriozarko lehiaketan, modalitate mistoan, lehenengo tiraldian bost minututik gora egon ziren, eta denbora guztian ez ziren indarra ematen ari. Estrategia, beraz, oso kontuan hartu behar da».

Etorkizunari baino gaur egungo egoerari begiratzen diote. «Zerbait ikasi badut nesken taldearekin, urte batetik bestera aldaketa handiak izan daitezkeela da, eta momentua ahalik eta gehien disfrutatu eta txapelketetan ahal den gehien borrokatzera joatea da asmoa. Aldaketa asko izaten dira eta etorkizuna etorriko da», esan du Otamendik. Arrutik bat egiten du adierazpen horrekin: «Aurten, gutxien espero genuenean bost sokatiralari berri etorri zaizkigu. Batek daki datorren urtean beste bost etorriko diren edo faltako zaizkigun. Momentuz, gaudenak gaude, eta horrekin disfrutatuko dugu».

Hori bai, taldeak ateak irekita dituela diote. «Nahiko genuke eskualdeko jende gehiago etortzea», azaldu du Otamendik. Taldearekin harremanetan jartzeko sare sozialak dituztela ekarri dute gogora, eta iraila izaten dela unea beraiengana joan eta probatzeko. Taldeko giroari garrantzi handia ematen diote. «Kirol talde bat baino gehiago gara», esan du Otamendik. «Denboraldia oso bizia izaten da, eta taldea zure eguneroko kuadrilla bihurtzen da, ia asteburu guztietan elkarrekin egoten garelako. Baina gustura egiten dugun zerbait da, eta berezia da». Arrutik gaineratu duenez, «emaitzei garrantzia ematen diogu, baina horri bezainbeste baita giroari ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!