Abenduaren 17an zabalduko dute Ibarrako elkartasun azoka

Ataria 2023ko abe. 4a, 16:00

Ibarratik Misio Taldeak urtero antolatzen duen ekimena da eta hilak 23a arte egongo da zabalik parrokiako lokalean; bertan lortutako dirua Honduras eta Indiara bideratuko dute.

Gabonak gainean ditugun honetan, elkartasun mezuak zabaltzen dira eta egun horietan elkartasuna helburu duten hainbat ekimen abiarazten dira. Eskualdean baditugu aitzakia horren bueltan dabiltzan hainbat ekimen. Esaterako, Ibarratik Misio Taldeak urtero antolatzen duen elkartasun azoka. Ohi bezala San Bartolome parrokiako lokalean jarriko dute.

Aurten abenduaren 17tik 23ra egongo da zabalik. Lehen egunean, hilaren 17an, 10:00etatik 14:00ak arte egongo da zabalik eta gainontzeko egunetan 17:00etatik 20:00etara egongo da irekita.

Ekimena eskualde mailan «aski ezaguna» dela esan du Mikel Agirre Ibarratik Misio Taldeko zuzendariak eta urtetik urtera parte hartzea handia izaten dute. Merkatua antolatu baino astebete lehenago produktuak jaso eta merkatua muntatzeko geratzen dira boluntarioak eta aurten horretan izango dira abenduaren 11tik 16ra bitartean. Bigarren eskuko produktuak biltzen dituztela kontatu du Agirrek, eta horiek txukundu arren oso prezio baxuan saltzen dituztela, «gure helburua ez baita dirua egitea, elkartasuna bultzatzea baizik. Horregatik, horrelako ekitaldi batean 5.500 euro inguru biltzea ikaragarria dela uste dugu».

Elkartasuna

Azokan jasotako dirua «garapen bidean dauden herrialdeetan proiektuak gauza ahal izateko» erabiltzen dutela jakinarazi du zuzendariak. Honduras eta Indian aritzen da lanean Ibarratik Misio Taldea, eta bertan hainbat proiektu izaten dituzte urtero. Hondurasen, esaterako, sei urte inguru daramatzate 25 metro koadroko etxeak eraikitzen, eta orain «etxe horien inguruan dutxa edo komunetan ura izateko putzua eraikiko dugu». Indian, berriz, ikastetxe bat hornitu nahi dute.

Orain arte Ekuadorren ere aritzen ziren lanean, baina Agirrek esan du azken urteetako egoera «zeharo» aldatu dela, «une honetan mafiak sartu baitira eta egoera ezegonkor horrekin oso zaila da zonalde horretan proiektuak gauzatu eta bideratzea».

Elkartasun azokaz gain, beste diru iturri batzuk ere izaten ditu Ibarratik Misio Taldeak, besteak beste, udalen ekarpenak izaten ditu edota Laskorain ikastolak urtero antolatzen duen azokan bildutakoa jasotzen du. Horiek horrela, azokarekin bat egiteko deia egin die herritarrei: «Neurri desberdin batean gu aberatsak gara eta elkartasuna oso premiazkoa dugu garapen bidean dauden herrialde hauetan. Euro batekin mirariak egin daitezke, horregatik, jendea animatu nahiko nuke prozesu solidario honetan parte hartu dezaten».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!