Bukatu da Lauburu Ibarraren ametsa Kopan

Ataria 2023ko aza. 22a, 14:55

Ibarrako taldeak 2-4 galdu du lehen mailako Osasuna Magna taldearen aurka, itxura oso ona emanez. Belabietan jokatu du taldeak berriro, obrak amaitu ondoren, eta zaleek bete egin dute.

Belabieta kiroldegi berrituan lehen partida jokatu zuen atzo arratsaldean Lauburu Ibarra areto futboleko taldeak. Partida berezia hainbat konturengatik: lehen mailako talde baten aurka jokatzea Kopako kanporaketa, eta beraientzako erreferentea den Osasuna Magna talde nafarraren aurka. Aurreko kanporaketan bigarren mailako taldeari irabazi zion penaltietan Lauburu Ibarrak, eta azken kanporaketa hau gogorragoa bazen ere, maila handia eman zuten ibartarrek eta ez zioten garaipena erraztu nafarrei. 

Hasieran jokoaren ardura izan zuen Osasuna Magnak, baina defentsan irmo aritu zen Lauburu, eta nafarrei kosta egin zitzaien lehen gola sartzea: zortzigarren minutua beteta izan zen. Ibartarrek gogo gehiagoz egin zuten aurrera eta minutu batera Ceciri penaltia egin zioten, eta Ivanek sartu zuen gola. Banakoa eta Belabietan zeuden zaleak txoratzen. Nafarrak are gehiago konturatu ziren ez zutela partida erraza izango, eta bigarrengo gola sartzeko aukera izan zuten, sei minutu falta zirela lehen zatia amaitzeko. Lauburuk ez zuen burua makurtu eta minutu eta erdira Chukyk sartu zuen binakoa. Berriz ere zoramena, eta bere buruan sinistuz ibartarrak.

Atsedenaldira binakakoarekin iritsi zen partida, eta bigarren zatian ere tarte handi batean mantendu zen berdinketa. Bukaerarako zazpi minutu falta zirela sartu zuen Osasuna Magnak hirugarrena, baina Lauburukoek lehian jarraitzen zuten. Azkenean, hiru minutu baino gutxiago falta zirela sartu zuten nafarrek laugarrena. Atezain-jokalaria atera zuen Lauburuk eta aukera garbiren bat izan zuen golen bat egiteko, baina 2-4koarekin bukatu zen partida. Maila handia eman zuten ibartarrek eta zaleen txalo beroak jaso zituzten.

Beñat Zaldua Lauburu Ibarrako jokalariak partidaren ondoren azaldu zuenez, «talde handi baten aurka lehiatzera atera gara, eta lortu egin dugu. Bukaeran nekeak ere zerikusi izan du, baina uste dut kontentu atera garela. Ilusio handia genuen, sari bezala hartu dugu kanporaketa hau, eta horrelako talde baten aurka horrela lehiatzea eta jendeak disfrutatu duela ikusteak esan nahi du ondo egin dugula gure lana». Bere aldetik, Mikel Diestro entrenatzaileak taldearen lehiakortasuna nabarmendu zuen: «Gaur lehiatu ahal izateak dena esaten du. Hain justu, denboraldian zehar falta zaigun lehiakortasun hori berreskuratu dugu. Eta hori da jarraitu behar dugun bidea, eta horrela etorriko dira emaitzak». Belabietan bizitako giroa ere aipatu zuen Diestrok: «Faltan botatzen genuen etxean jokatzea eta zaleez beteta, eta horrek asko laguntzen du. Ea aurrera begira ere askotan errepikatzen den, eta poz asko ematen dizkiegun».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!