Ibarra Euskal Herriko txapeldun

Naiara Roldan de Aranguiz 2023ko azaroaren 11

Ibarra sokatirako neskak Euskal Herriko txapeldunak dira, goma gaineko 4x4 modalitatean. Mutilek berriz, laugarren postua eskuratu dute, gaur, Belabietan jokatutako Euskal Herriko Txapelketan.

Ibarra A, bost punturekin, Euskal Herriko txapelaren jabea da. Ibarrako nesken atzetik geratu dira bigarren postuan Araxes (4 puntu), hirugarren postuan Beti-Gazte (3 puntu), laugarren postuan Antsoain (2 puntu) eta, azkenik, bosgarren postuan Badaiotz (puntu bat).

Mutiletan berriz, Euskal Herriko Txapelketako irabazleak Zuraide Ako gizonezkoak izan dira, 7 puntu eskuratuta. Euren atzetik, Beti-Gazte, Zuraide B, Ibarra, Murueta B, Murueta A eta Ansoain geratu dira. Ibarrako sokatiralariak beraz, 4 puntu lortuta, laugarren postuan amaitu dute gaurko txapelketa.

Arratsaldeko bostetan hasita, Belabieta kiroldegia Euskal Herriko sokatiraren hiriburu bihurtu da. Izan ere, Euskal Herriko txapeldun izateko lehian hamabi talde aritu dira. Gaurkoan, 4x4ko proba lehiatu dute, goma gainean.

Guztira, hamabi talde bertaratu dira Ibarrara. Emakumezkoetan (250 kilo) bost talde izan dira: Antsoain, Araxes (Nafarroa), Badaiotz (Araba), Beti-gazte (Lesaka) eta Ibarra. Gizonezkoetan (310 kilo), berriz, zazpi talde aritu dira txapelaren lehian: Antsoain, Beti-gazte (Lesaka), Ibarra, Murueta A, Murueta B, Zuraide A eta Zuraide B.

Kirolariek gaur izan duten erronketako bat hezetasuna izan da. Kalean euria, eta Belabietako lurra hezea. Sokatiralarien kexa gomak ez zuela behar bezala heltzen izan da. Zailtasunei aurre eginda, txandaka eta antolakuntza bikainaren pean goma gaineko indar erakustaldia izan da arratsalde osoan zehar.

Ibarra Sokatirako kirolariek etxeko berotasunaz baliatu dira denboraldia irekitzeko, eta azkenik, txapela bat etxean geratu da. Ibarrakoen txaloak Araxes talderaino ere iritsi dira, bigarren postua lortuz. Izan ere, Beteluko hainbat kirolarik Belabieta izaten dute entrenatzeko gune, eta zortzikoan ere Ibarra Sokatiraren barruan aritzen dira.

SAILKAPENA

GIZONEZKOAK

  1. Zuraide A. 7 puntu.
  2. Beti-Gazte. 6 puntu.
  3. Zuraide B. 5 puntu.
  4. Ibarra. 4 puntu.
  5. Murueta B. 3 puntu.
  6. Murueta A. 2 puntu.
  7. Ansoain. Puntu bat.

EMAKUMEZKOAK

  1. Ibarra A. 5 puntu.
  2. Araxes. 4 puntu.
  3. Beti-Gazte. 3 puntu.
  4. Ansoain. 2 puntu.
  5. Badaiotz. Puntu bat.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!