Herri kontsulta bat egingo dute Ibarrako kultur errealitatearen diagnostikoa burutzeko

Ataria 2023ko aza. 10a, 19:00

Igor Zapirain Ibarrako alkatea eta Alberto Sukia kultura zinegotzia.

Ibarrako Udalak uste du herriko kultur eskaintzan hutsuneak daudela; herritarren proposamenak jasoko ditu, eta ondoren kultur eragileekin aztertu, «Ibarrak merezi duen kultur eskaintza izateko».

Kultur dinamika hauspotzen izenburupean, Ibarrako Udalak herritarrek Ibarrako kultur errealitatearen inguruan duten iritzia jakin nahi du, eta horretarako galdetegi bat prestatu du. Helburua herriak arlo horretan duen «hutsunea» betetzea, eta «Ibarrak merezi duen» kultur eskaintza izatea da.

Galdetegia azaroaren 11tik abenduaren 7ra bitarte erantzun ahalko da. Modu presentzialean egin ahalko da, udaletxearen harreran, kultur etxean edota Bizi Nahi adinekoen egoitzaren sarreran. Eta Online egiteko era ere jarriko dute. Kalean, tabernetan eta dendetan egongo diren karteletako QR kodeen bitartez jo ahalko da galdetegietara.

Udalaren ustez, kultur arlo «aberatsa» duen herria da Ibarra. «Herritar askoren lana ikusi besterik ez dago, hala nola, Hauspoa kultur elkartea, Alurr dantza taldea, Loatzo musika eskola eta abar», azaldu du Alberto Sukia kultura zinegotziak. Herrian elkarrekin bizi diren kultura desberdinek ere kultur aniztasuna handitu eta herria aberasten dutela gehitu du. «Hori gutxi ez eta gazteriak ere kultur adierazpen berriak dakartza geurera».

Kontrara, herriaren edo herritarren eskaria ez direla betetzen ari ondorioztatu dute udaletik, eta hutsuneak sumatzen dituzte herriko kultur eskaintzetan. «Eskaintza hori berritzeko edota indartzeko, hauspotzea dagokigu udalean lanean ari garenoi», esan du Sukiak. Bada, helburu horrekin jarriko dute martxan galdetegia herritarren artean, «behar eta gustu berriak edo desberdinak aztertzeko».

Herriko kultur errealitatearen diagnostikoa gauzatzeko lehen pausoa izango da herritarrei luzatutako galdetegia. Izan ere, behin herritarrek euren ekarpena eginda, informazio hori guztia jaso eta proposamen eta ideia guztiekin «hausnartze lanketa sakona» egingo dute. Ondoren, ondorioak atera eta banan bana kultur eragile guztiekin bilduko da udala: «guztien artean proposamenak nola bideratu daitezkeen aztertuko dugu». Diagnosia eta gidoi zehatz bat gauzatuko dute horrela. «Orduan lanari ekingo diogu, Ibarrak merezi duen kultur eskaintza oparo, aberasgarri eta anitzena eduki ahal izateko». Izan ere, udalaren ustez, «kulturarik gabe ez dago herririk eta ez dago kulturarik gabeko Ibarrarik».

Ibarrako alkate Igor Zapirainek herritar guztiak gonbidatu ditu galdetegietan parte hartuz euren ekarpena egitera: «egin kultura herria egiteko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!