Azalaren koloreak kolore, euskaraz egin diezaieten eskatu dute

Ataria 2023ko aza. 10a, 19:59

Ibarran aurkeztu dute kanpaina UEMAko ordezkariek, Ibarrako Udaleko eta ikastolako ordezkariekin, Zaldibiko eskolako ordezkariarekin eta Ibarrako ikasleekin.

'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpaina jarri du martxan UEMAk, euskaldun arrazializatuen inguruko aurreiritziak gainditzeko helburuarekin.

Arlenys, Haider, Aimar, Aya, Nora, Sefora, Miruna, Randy, Ekhi, Hanna, Anastasia, Andriy, Zunnurain, Lassana, Abdallah, Alaia, Rayan eta Leen euskaldunak dira. Askotan, ordea, azalaren koloreagatik, aurreiritziengatik edota beste arrazoiengatik erdaraz hitz egiten diete gainerako herritarrek, eta ez zaiela gustatzen diote, euskaldunak baitira. Horregatik, beraiekin ere euskaraz egiteko eskatu dute.

UEMAk astelehenean hasiko duen Egin nirekin ere euskaraz! kanpainaren bitartez egin dute. «Euskara ukatzen digutenean, bertakoa izatea eta sentitzea ere ukatzen digute, nahi gabe izan arren», adierazi dute kanpainari aurpegia jarri dioten Aimar Toma eta Andriy Tsera Ibarrako ikasleek; «badakigu euskara dela zubirik ederrena, eta euskara ukatzen diguten bakoitzean zubia ere ukatzen zaigu».

Senegalen, Dominikar Errepublikan, Saharan, Pakistanen, Ukrainan, Marokon, Ekuadorren eta Euskal Herrian jaio dira, besteak beste. Bizi, berriz, Ondarroan, Leitzan, Ibarran, Zestoan edota Zaldibian, baina gainerako udalerri euskaldunetan ere badirela beste dozenaka Abdallah, Leen edota Arlenys nabarmendu dute UEMAtik. Urdua, arabiera, mandinga, kitxua, ukrainera, gaztelera edota euskara jaso dute etxean. Euskara, zehazki, lehen hizkuntza da batzuentzat, bigarrena besteentzat, eta baita hirugarrena ere zenbaitentzat. Hala ere, euskaraz aritzen dira eskolan eta lagunartean.

Ibarran aurkeztu dute kanpaina. Hain justu, iaz hasi ziren Uzturpe ikastolan kulturartekotasuna lantzeko UEMAren proiektuarekin. Bertan izan dira kanpainan parte hartu duten Anastasia Tsera, Aimar Toma eta Andriy Tsera, Martin Aramendi UEMAko lehendakaria, Nagore Zubillaga Ibarrako zinegotzia, Eider Amundarain Zaldibiako Lardizabal herri eskolako zuzendaria eta Aitor Bengoa Ibarrako Uzturpe ikastolako zuzendaria.

Aramendik zehaztu du kanpainaren abiapuntuan Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan egitasmoa dagoela. Kulturartekotasuna lantzeko egitasmoa Zaldibian abiarazi zuen UEMAk lehenik, HUHEZIrekin eta Zaldibiako hainbat eragilerekin batera: «Bertako ikasleen herena kanpoko herrietatik etorritako gurasoen seme-alabak dira gaur egun, eta eskolak behar handia ikusi zuen horien gurasoengana heltzeko, haien kulturak errespetatuz, baina euskara erdigunean jartzeko beharra ere nabarmenduz». Zaldibiako egitasmoa beste hainbat herritara zabaldu dute, tartean Ibarrara, eta «eragin eta oihartzun handia» izaten ari dela azaldu du. «Hala ere, oraindik, herri batzuetatik kezkaz esaten digute, egundoko lanketa egin arren, aurreiritziek indar handia dutela, eta etorri berrien seme-alabei, askotan, gazteleraz egiten dietela herritarrek, euskaraz jakin arren». Horren aurrean, euskarak kolore asko dituela, eta azalaren kolorea askotarikoa izan arren herritar horiek euskaldunak direla nabarmendu nahi dute kanpainaren bitartez. «Beraz, herritar horiei ere euskaraz hitz egiteko eskatu nahi diegu herritarrei».

Aramendik gaineratu duenez, ikasleek hartu dute hitza kanpainan, baina helduek ere kontu bera esaten diete askotan: «euskara ikasten egundoko ahalegina egin dutela, euskara ikasten ari direla edo euskara ikasi dutela, eta gero erdaraz hasten zaizkiela herritarrak». Beraz, kanpainaren irudietan ikasleak agertzen diren arren, helduei zuzendutako kanpaina ere bada. «Hori nabarmendu nahi dugu kanpaina honekin, azalen koloreak kolore, euskaraz egiteko gogoa dutela eta horretarako aukera eman behar diegula herritar guztiei».

Ildo berean mintzatu da Nagore Zubillaga Ibarrako zinegotzia ere, Ibarrako Udalaren izenean: «Ibarran bertan jaio ez arren, azken urteotan Ibarrara etorri diren eta Ibarran errotu diren herritar asko ditugu hemen. Horietako hainbaten seme-alabak dagoeneko Ibarran jaiotakoak dira. Baina oraindik ere, askotan, aurreiritziak dituzte herritarrek horien inguruan, eta horiei aurre egin nahi diegu kanpaina honekin, herritar horiei euskara ez ukatzeko eskatuz».

Eider Amundarian Zaldibiako Lardizabal herri eskolako zuzendariak, berriz, kanpaina hau egiteko beharra sumatu zutela adierazi du. «Jatorriz atzerrikoak diren familiak ohartu ziren aurreiritziengatik seme-alabei erdaraz egiten zietela herritar askok, eta horri erantzuteko beharra ikusi genuen». Horregatik jo zuten UEMAra, eta horrela jarri zuten martxan proiektua: «Egundoko lana egin dute hainbat eragilek, eta ekimenak herria ere aldatu du hein handi batean, euskara ardatz izateko helburua ari baita bidea egiten».

Amundarainen hitzak berretsi ditu Aitor Bengoak ere, Ibarrako Uzturpe ikastolako zuzendariak: «UEMAk kanpaina honetan parte hartzeko gonbidapena egin zigunean, egokia iruditu zitzaigun, ikastolan errealitate hori badaukagulako. Ikastolan bertan ikusten genuen bazirela euskaraz jakin arren beraien jatorriagatik edota azalaren koloreagatik hasieran askotan gaztelera entzuten zuten ikasleak zein gurasoak».

Kanpainari ahotsa eta irudia jarri dioten 16 gazteen izenean, Aimar Toma, Anastasia Tsera eta Andriy Tsera ikasleak izan dira gaur Ibarrako aurkezpenean. Sustraiak Errumanian ditu eta errumaniera du lehen hizkuntza Zaldibian bizi den Tomak. Anastasia Tsera eta Andriy Tsera, berriz, ukrainarrak dira, ukrainera dute lehen hizkuntza, eta Ibarran bizi dira. Andriy Tserak adierazi duenez, «nire larruan bizi izan dut errealitate hau. Ibarran errotutako euskalduna naiz. Askotan, ordea, jendea gazteleraz hasten zait hitz egiten. Leku askotan gertatzen da: herriko dendetan, autobusean, kalean... Euskara ukatzen digutenean, zeharka, ez garela hemengoak esaten digute, eta ez zait batere gustatzen».

Kanpaina hedatzeko diptikoak, kartelak eta bideo bat osatu ditu UEMAk:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!