Sekulakoa egin du Lauburu Ibarrak

Imanol Garcia Landa 2023ko aza. 1a, 12:05

Ibarrako taldeak Kopako hirugarren kanporaketa gainditu du, bigarren mailan jokatzen duen Wanapix Sala 10 taldeari penaltietan irabazita.

Emozio handiko garaipena lortu du areto futboleko Lauburu Ibarra taldeak. Ibartarrak 2. B mailan daude eta erronka zaila zuten Kopako kanporaketa honetan, hirugarrena dagoeneko. Aurkaria Wanapix Sala 10 taldea izan da, bigarren mailan ari dena eta lehen mailara igotzeko hautagaietako bat. Lauburukoek ondo baino hobeto egin zioten aurre, eta aurkariek sartutako gol bakoitzari beste batekin erantzun zioten. Partidaren amaiera binakoarekin iritsi ziren, eta luzapenean ere aurkariak aurreratu ziren eta ondoren berdindu zuten ibartarrek. Azkenean penaltietan lortu zuten garaipena, Marcos atezainak bi geldiketa egin ondoren.

Berez Belabieta kiroldegian jokatzekoa zen kanporaketa, baina azkenean ez zen posible izan gai administratibo batengatik. Urnietako kiroldegian jokatu zen partida, eta Lauburuko zale ugari joan ziren, asko udalak jarritako autobusetan. Ederki girotu zuten partida, eta animo ugari eman zizkioten taldeari. Alvaro Alonso kapitainak partidaren bukaeran lehenbizi eskerrak eman zizkien zaleei: "Ibarran jokatu behar genuen partida hau, azken momentuan ez da posible izan, eta ikusi dugu zaleen erantzuna nolakoa izan den. Beraiei gabe ez gara ezer, eta eskerrak eman Urnietara etorri diren guztiei". Alonsok gaineratu zuenez, "kontziente ginen aurkaria maila bat goragokoa dela eta horrek esan nahi duen guztiaz, baina behin kantxara ateratzen garenean dena berdindu egiten da. Azkenean bigarren maila talde oso indartsu bati kopako kanporaketa irabazi diogu". Kapitainaren ustez, borrokatzeari ez diotela utzi izan da gakoetako bat: "Horrek eragin du partidan sartuta egotea denbora guztian. Jokoaren aldetik momentu askotan beraien gainetik egon gara eta batzuetan gehiago proposatu dugu. Momentu txarrak egon dira eta jakin dugu horiek pasatzen". Taldeak egindako lanaz gain, Marcos Alonso bere anaiak penaltietan egindakoa goraipatu du.

Mikel Diestro entrenatzaileak partida "oso zaila" izan zela azaldu zuen neurketaren bukaeran: "Jokoaren aldetik gainditu egin gaituzte, momentu jakin batzuk izan ezik. Lehiatzeari heldu behar izan diogu, eta espazioak bilatzera jokatzen aritu gara nahi baino gehiago, baina taldea ondo aritu da azken metroetan, eta uste dut justua dela neurketaren bukaeran lortutako berdinketa". Lehen zatia aurkarientzat izan zela, baina bigarrena Laubururena izan zela adierazi zuen Diestrok, batez ere gol aukerengatik. "Oso kontentu gaude azkenean kanporaketa irabazi dugulako, eta batez ere zaleengatik. Hurrengo Kopako kanporaketa etxean, Belabietan, jokatu dugu eta hori zaleek eta jokalariek nahi duten zerbait da". Hain justu, hurrengo kanporaketa lehen mailan dagoen CD Xota talde nafarren aurka jokatuko dute. "Gure erreferenteetako bat da, eta niretzako are gehiago, bertan bi urtez egon nintzelako. Oso gustura gaude beraien aurka jokatuko dugulako".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!