Komunitatean lan eginez

Leyre Carrasco 2023ko aza. 2a, 07:59

Martxan da Ibarrako liburutegi tutorizatua; astean bitan elkartzen dira ikasleak eta boluntarioak, etxeko lanak egin eta tertulia literarioak izateko.

Urriaren 3an eman zitzaion hasiera liburutegi tutorizatuari, Ibarran. Astean bitan elkartzen dira ikasleak eta boluntarioak, astearteetan eta asteazkenetan, Txontxon eta kultur etxean, etxeko lanak egin, liburuak irakurri eta hausnarketak egiteko. Lehen Hezkuntzako laugarren mailatik hasita, seigarren maila bitarteko ikasleei dago zuzenduta, eta aurten, guztira, 57 gaztek parte hartu dute egitasmoan.

Liburutegi tutorizatuko Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleak dira Elene Garmendia, Nahia Imaz, Ekai Etxabe eta Oier Iraola, eta lauek diote «oso gustura» joaten direla saioetara. Gutxi batzuk lehenengo aldia duten arren, gehiengoak bigarren aldia du. Izan ere, denen ustetan, «lagunekin arinagoa da etxeko lanak egitea, eta errazagoa, talde lanak egitea». Esan dute, gainera, lagunekin denbora gehiago pasatzeko aukera izaten dutela horrela.

Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako ikasleei ere lagungarria suertatzen zaie etxeko lanak lagunekin batera egitea, «etxeko lanak amaitzean jolaserako edo etxean lasai egoteko tartea izaten dugulako». Edurne eta Manex dira beraien hezitzaileak eta «asko laguntzen» dietela aitortu dute guztiek, nahiz eta taldean ere elkarri laguntzen dioten. Etxeko lanak astero egiten dituzte, eta tertuliarako tartea, berriz, bi astez behin hartzen dute. Bosgarren mailakoek oraindik tertuliarako aukera izan ez duten arren, horretarako «gogoz» daudela esan dute, «etxeko lanak egiteaz gain, ikasteko beste modu bat ere izan daitekeelako».

Saioak gidatzen boluntarioak aritzen dira. Idoia Mendiaraz Bail da boluntarioetako bat eta bera izan zen Kristina Martinez Arnaizarekin batera proiektua bultzatu zuena. «Ez naiz irakaslea baina ama naizen heinean hasieratik sinistu nuen proiektuan», adierazi du Mendiarazek. 

Astearte eta asteazkenero egiten dituzte saioak, eta «espazio falta» dela eta, taldeak Txontxon eta kultur etxeko eraikinen artean banatu behar dira. Mendiarazen esanetan, «denak eraikin berean egotea izango litzake egokiena, baina ez dago gela nahikorik eta momentuz horrela moldatu behar dugu».

Laugarren urtez antolatu dute ekimena, eta aurreko edizioetan ez bezala, aurten, Lehen Hezkuntzako laugarren mailatik hasita, seigarren maila bitarteko ikasleek soilik parte hartu dute egitasmoan. Izan ere, digitalizazioak proiektuaren helburua betetzea zailtzen duela adierazi du Mendiarazek: «Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen mailatik aurrera pantaila aurrean dutela egiten dituzte lanak, eta talde lanak egin arren, bakoitzak bere ordenagailua erabiltzen du, horretara ohitu direlako». Ekimena doakoa da, eta Mendiarazek azaldu bezala, «komunitatean lan egitea sustatzea du helburu».

Boluntarioen beharra

Mendiarazek aitortu du ikasleak «gogoz» joaten direla saioetara, «errespetuz jokatzen dute eta elkarri laguntzen diote». Egitasmoak aurrera jarrai dezan, deia egin du guraso gehiagok parte har dezaten: «Urteak pasa ahala egokiena izango litzateke boluntario bakarra egon beharrean, guraso gehiago animatzea. Etxeko lanekin laguntzeaz gain, lasai daudela eta elkar errespetatzen dutela ziurtatu behar duzu soilik». Tertuliak, berriz, gidatuagoak dira, izan ere, ikasleekin gai filosofikoak lantzeko tertulia literarioetarako formakuntza jaso zuten boluntario guztiek, Miren Camisonen eskutik.

Horrez gain, Ibarrako Udalarekin ez ezik, Uzturpe Ikastolarekin ere bilerak maiz egiten dituztela kontatu du: «Ikastolarekin harreman zuzena izan behar dugu, zein ikasle zaurgarri dauden jakiteko. Azken batean, Ibarran gazte atzerritar asko daude, eta hizkuntzagatik zailtasunak izan ditzakete etxeko lanekin. Horiek lagungarri izaten dute espazio seguru eta konfiantzazko bat edukitzea, beraiek dituzten zalantza guztiak argitzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!