Aurreko legealdia ezagututa, legealdi berri honetan martxa azkar hartu du Igor Zapirainek (Tolosa, 1975). Lau urtetako esperientzia hartuta dauka, eta azken legealdiaren antzera ariko da lanean, «herri bizi bat» eraikiz.
Ibarrako alkate gisa, orain bigarren legealdia hasi duzu. Zer moduz?
Lehendabiziko legealdian baino errazago, azkenean administrazio publikoa zer den behintzat nondik norakoak badakizkigu eta horrek asko errazten du legealdi hasierako bidea.
Nola baloratuko zenuke maiatzeko udal hauteskundeetan jasotako emaitza?
Emaitzak oso positiboak izan ziren, batetik, zinegotzi bat gehiago lortu genuelako, eta, bestetik, laugarren legealdia da EH Bilduk gobernua Ibarran hartzen duela eta herriak apustua gugan egiten duela ikusten da. Iruditzen zait, batik bat, herriak apustua egiten duela zerrendetan aurkeztu garenok herriko jendea garelako. Alegia, herriko eragileetan aritutako jendea gara, eta horrek zeresan handia duela uste dut.
Zazpi kide ditu EH Bilduk, hiru EAJk eta bat PSEE-k. Zer nolako harremana nahiko zenuke agintaldi honetan oposizioarekin?
Iazko legealdian izan genuen berbera. Aurreko legealdian ere gardentasun osoz jokatu genuen beraiekiko, edozein gaietarako beraiekin kontsultatu eta partekatzen genuen. Legealdi honetan asmo berdinarekin hasi gara eta horrekin jarraitu nahi dugu, beraien hitza kontutan hartuta. Beraien sigla politikoen atzetik herritarrak daude, eta guretzako, berriz, herritarrak denak gara, ez bakarrik gure alderdi politikoa bozkatzen duten pertsonak.
Ibarra herri bizia izatea nahi zenuela aipatu zenuen hauteskunde kanpainan. Zein asmo dituzue lau urte hauetarako?
Aurreko legealdia zentzu horretan nahiko zaila izan zen, azken bi urteetan geldiune bat izan genuelako udalerri guztietan. Indarra jarri nahi dugu batik bat gazterian, jende ezberdinekin hartu-emanetan jarri nahi ditugu, beraien hitzak entzun eta horiek gauzatzeko bide bat ireki. Hirugarren adineko herritarrekin ere gauza berbera egin nahiko genuke; beraiei zuzendutako jardun desberdinak antolatu, formakuntza desberdinak dinamizatu, beraiei entzun eta herri kohesio bat sortu, denon artean herri bizi bat lortzeko.
Nolakoa da Ibarrako adin piramidea?
Ni ez naiz piramide zalea, denak lerrokotasun batean egon beharra daukagula iruditzen baitzait. Udala herriko beste eragile bat bezala ikusten dut, kasu honetan guri legeak, eta arauak zehaztea egokitzen zaigu, baina herria denok egiten dugu, ez udalak soilik.
Kultur eta kirol talde oso indartsuak dituzue Ibarran. Beraien lana bultzatzeko proposamenik?
Asmoa eta gure nahia, eta orain arte horretan borrokatu dugu, beraiekin asko hitz egin, diru laguntza bitartez elikatu, eta lehen aipatu bezala, herri bizia mantentzeko denon arteko elkarrizketak eta hitzak egon behar dira mahai baten gainean. Adostasunera iritsi eta ahalik eta gehien sendotu eta trinkotu gure arteko harremana.
Ibarran areto nagusi bat egiteko ideia izan zenuten. Aurrera pausorik eman duzue?
Horretan ari gara lanean. Enpresa bat kontratatu nahiko genuke bideragarritasuna baloratzeko. Zenbakiak jarri behar dira mahai gainean, eta legealdi erdi honetan horretarako aurreproiektu bat egiteko asmoa dugu. Azkenean, erakusleiho moduko bat izango da, eta bertan baloratuko dugu proiektua egingarria izango den edo ez. Ekonomikoki posible ikusten badugu, horren ostean, partaidetza baten bitartez eta eragile desberdinekin kontsultatuz eta ekonomikoki posible ikusten badugu erabakia hartuko dugu.
Etxebizitza arloan baduzue egitasmorik epe motzera?
Aurreko legealdia zaila izan zen mila arrazoi desberdinengatik. Egia da, aurreko legealdian gauzak ez zitzaizkigula oso ondo atera etxebizitzari dagokionez. Hala ere, aurrera pauso batzuk eman genituen, nahiz eta oztopo asko izan. Legealdi honetan erantzun batzuk ikusiko ditugula uste dut. Optimista izanda iruditzen zait, behintzat, bi eremutan eraiki ahal izango direla etxebizitzak. Azkenean, udal gobernuaren nahia herritarrak herrian geratzea da, eta beste leku batzuetatik etortzeko hautua hartzen badu baten batek gure herrira ongi etorria ere izango da.
Proiektu batzuk aurrera ateratzeko beste erakundeen laguntzak beharrezkoak zaizkizue zuena bezalako udal txikiei. Eskualde mailako kooperazioa nola ikusten duzu?
Aurreko legealdian nahiko ondo moldatu ginen eta legealdi honetan hobeto moldatuko garela iruditzen zait. Intentzioak badaude, gogoak badaude eta aurrera pausoak emateko momentu estrategiko baten gaudela uste dut.
Zein da zuen kezka nagusia?
Arazo potolo bat daukagu herrian irisgarritasun eta mugikortasunarekin. Horretarako, batetik, herria alde batetik bestera lotzeko bidegorri sarearekin lanean ari gara. Bestetik, herriaren iparraldean dauden hiru auzoetako –Julian Gaiarre, Argindegi eta Jesus Guridi– orografia ikusita mugikortasun plan bat egin nahi dugu. Alegia, irisgarritasuna kontutan hartuta, igogailuak jartzeko aurreproiektua jarri nahiko genuke mahai gainean, ea hori gauzatzeko gaitasuna dugun.
Zein mezu zabalduko zenuke ibartarren artean?
Askotan esan ohi dugun moduan, herri bizi bat nahi dugula, herri euskaldun bat, anitza eta berdintasunean txertatutakoa. Horretarako ezinbestekoa izango da denon artean hitz egin eta lana egitea.