Independentziarako indarra biltzen jarraituko duela aldarrikatu du Sortuk

Leyre Carrasco 2023ko ira. 27a, 20:36

Sortuk eskualde mailako manifestazioa eta ekitaldia egin du arratsaldean Ibarrako plazan, Gudari egunaren harira, 'Independentziarako indarra' lelopean. Hain justu, 48 urte bete dira Francoren erregimenak Angel Otaegi, Juan Paredes Manot 'Txiki' eta FRAPeko Jose luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baena fusilatu zituela.

"Iragan den kurtso politikoa emankorra izan da ezkerreko independentismoarentzat eta ondorioz, perspektiba berri bat irekitzen ari da nazio askapen prozesua azkartzeko", esan dute Sortuko kideek. "Aukera ireki dugu euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen egoerari behin betiko konponbidea emateko; aukera ireki dugu gatazka politikoari buruzko eztabaida lehen lerrora ekartzeko; eta ezkerreko subiranistok esku-eskura dugu hazten jarraitzeko eta, are, lehen indarra bilakatzeko aukera".

Horregatik, Euskal Herrian aldaketa haizea dabilela adierazi dute: "Azken urteotako Ipar Euskal Herriko eta Nafarroa Garaiko aldaketa sozial eta politikoei jarraiki, urrats berrietarako aukerak irekitzen ari dira". Izan ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagokienez, urteotan EAJk izan duen nagusitasuna "pitzatzen" hasia dela esan dute, eta, bestalde, herri bezala "hutsuneak" dituztela, "burujabetza tresna nahikorik gabe, instituzio nagusien ekimen politiko sendorik gabe eta herri ikuspegia ahulduta, zailtasunak ditugu garaiko erronka sozial eta nazional handiei erantzuteko".

Horretarako, herri bezala jokatzen jarraituko dute, "herri interesak lehenetsiz. Herri bezala jokatu behar da Espainiako eta Frantziako Estatuen aurrean, herri-akordio zabalak josiz, eta, horien ondoan, bulkada sozial indartsu bat eraikiz. Oinak lurrean, baina anbiziorik handienarekin ekin behar zaio aukera horri, ahalik eta urrunen joateko. Eta horretara goaz!"

Era berean, esan dute "garbi" dutela zein den haien zeregina horretan guztian: "Herriz herri, auzoz auzo, norabide argiarekin, independentziarako indarrak biltzen segi behar dugu. Hori baita, beti izan den bezala, aurrera egiteko bermea. Txiki eta Otaegi fusilatuta, Francoren erregimenak helburu bat zuen: Euskal Herriaren askatasun nahia itotzea. Ez zuten lortu. Guk, 48 urte geroago, Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokan engaiatuta segitzen dugu".

Bukatzeko, Graxi Etxebeherek, 2018an, ETAren desagerpenaren ostean, Miribillan Sortuk egin zuen ekitaldian egindako hitzartzeko azken hitzak ekarri dituzte gogora: “Bakotxa da kutxa hunen aberastasunik handiena. Zendako? Zin egin baitiogu Eskual Herriari bere lekua munduan eta geroan finkatuko diogula. Aitzina, jo aitzina. Aurrera, lagunak, aurrera!”

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!