Galtzakomiken saritutako komikietako bat argitaratzeko aukera izango da

Ataria 2023ko ira. 25a, 18:00

Galtzaundi Euskara Taldeak eta Ibarrako Udalak antolatzen dute Galtzakomik Komiki Lehiaketa; hamaseigarrena da aurtengoa eta berritasuna da Denonartean argitaletxean argitaratzeko aukera.

Urteroko moduan, Galtzaundi Euskara Taldeak, Ibarrako Udalarekin elkarlanean Ibarra-Galtzakomik komiki lehiaketa antolatu du. Jesus Peñagarikano zinegotziak, ekimenaren aurkezpenean gogoratu duenez,  euskarazko komikigintza eta sormena sustatzea du helburu lehiaketak. «Euskara hutsean Euskal Herrian antolatzen den bakarra da, eta adierazpide artistiko honetan bidea egin nahi duenari aukera bat eskaintzeko aproposa da».

Lanak bakarka edo taldean aurkeztu daitezke eta aurtengo komikiek landu beharreko gaia librea izango da. Ikastetxeei deialdia egin diete antolatzaileek, «lantzen ari diren proiektuak baliatu ditzaten komikia ere landu eta uztartzeko». Idoia Lahidalga Galtzaundiko teknikariak zehaztu duenez, «baliabide bat gehiago eskaintzen diegu ikastetxeei beraien helburu horiek betetzeko». Aurten, gainera, herria girotzeko Ibarrako erakusleihoak apainduko dituzte azken edizioetako lan sarituekin.

Berritasuna

Hamaseigarren edizioa dute aurtengoa, eta berrikuntza moduan saritutako hamabost lanetako batek, bere komikia Denonartean argitaletxearekin batera argitaratzeko aukera izango duela jakinarazi du Lahidalgak: «Aukera paregabea iruditzen zaigu komikigintzan edo marrazkilaritzan bidea egiteko gogoz dabilenak bere lana kaleratzeko eta ezagutzera eramateko aukera izatea».

Kategoriei dagokienez, lau sailetan banatu dituzte sariak; 9 urtera artekoena –2014an jaiotakoak barne–, 10 eta 12 urte bitartekoena –2013an eta 2011n jaiotakoak barne–, 13 eta 16 urte bitartekoena –2010en eta 2007an jaiotakoak barne–, eta 17 urtetik gorakoena –2006an jaiotakoak barne–. Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaileak, Yurre Ugarte idazleak eta Joseba Larretxe Josevisky arkitekto eta komikigileak osatuko dute edizio honetako epaimahaia.

Ibarrako Udalak, Xabiroi aldizkariak, Mahala, Tamayo dendak, Ibarrako merkatariek elkarteak, Kuku jatetxeak, Denonartean argitaletxeak, Eguzkilore tabernak, Babel liburu dendak, Elkar megadendak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak babesten dute lehiaketa.

Aurkezteko epea zabalik

Dagoeneko zabalik da lanak bidaltzeko epea, eta azaroaren 28a arte izango da horretarako aukera. Lanak Galtzaundi Euskara Taldearen egoitzan aurkeztu beharko dira edo postaz Nafarroa etorbidea 6, behea, 20.400 Tolosa helbidera. 

Lanek bete beharreko baldintza teknikoak eta lehiaketaren oinarriak Galtzaundi Euskara Taldearen webgunean (Galtzaundi.eus) aurkitu daitezkeela gehitu du teknikariak, «eta ezinbestekoa izango da hauek betetzea lanak baloratu ahal izateko».

Bestalde, Galtzakomik lehiaketako sari banaketa abenduaren 15ean egingo dute, 19:00etan, Ibarrako kultur etxean. Bertan aurkeztutako lan guztiak egongo dira, eta abenduaren  29ra bitarte joan ahalko da horiek ikustera.

Sarituak izango ez diren parte hartzaileen artean, Mahala baserriko produktuak zozkatuko dituzte, eta zozketako sarituaren berri abenduaren 13an emango dute, Galtzaundiren sare sozialetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!