Aitor Zelaia eta Galder Barbadori babesa adierazi diete Ibarran

Ataria 2023ko ira. 22a, 21:30

Auzitegi Nazionalak ezarritako lau urteko espetxe zigorra maiatzean berretsi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak, eta pasa den ostiralean espetxeratze agindua iritsi zitzaien bi gazte arabarrei. Egoera hori salatzeko, Ibarrako Ernaik deituta elkarretaratzea egin dute arratsaldean Ibarrako plazan.

Duela bost urte Ertzaintzak ustezko material lehergarri bat zuen bidoi bat aurkitu zuen Durana herrian, eta arduradunak aurkitzeko ikerketa abiatu zuten. 2019ko otsailaren 7an Ertzaintzak Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarrak atxilotu zituen, Duranako zuloaren ardura egotzita.

Espetxean ia hilabete igaro ostean, 2019ko uztailaren amaieran, behin-behinean aske gelditu ziren biak epaiketaren zain. 2021eko urtarrilaren 21ean eta 22an egin zen epaiketa. Fiskaltzat zortzi urteko espetxe zigorra eskaerari eutsi zion. 2021eko otsailaren 2an, Angela Murillo epaileak lau urteko kartzela zigorra eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri zion bakoitzari, helburu terroristekin lehergailuak egiteko elementuak gordetzea egotzita. Bi urte geroago, gazte bakoitzarentzako lau urteko kartzela zigorra berretsi du Auzitegi Gorenak.

Ibarrako Ernaik egindako elkarretaratzean jakinarazi duenez, «2023ko irailaren 15ean Aitor eta Galderrek espetxeratuak izateko agindua jaso dute».

Honen aurrean euskal gazteria ez dela geldirik geratuko adierazi dute: «Lore guztiak moztu arren, ez dute udaberria geldituko. Gure besarkada eta maitasun guztia gaur goizean kateatutako Ernaiko gazteei, ondoan babesten egon zareten kide guztiei eta Euskal Herria egunez egun astintzen jarraitzen duzuen gazte borrokalari guztiei, zuek guztiak gabe ez gara ezerrez, herriaren alde, eskubideen alde, pertsonen alde eta askatasunaren alde, Euskal Herriak aurrera egingo du atzo, gaur eta beti. Gure balioak eta ametsak ez direlako espetxeratu».

Horregatik, Euskal Herriko kaleak, plazak eta txoznak «elkartasunez» beteko dituztela aitortu dute, «jakin dezatela behingoz hemen herri bat dagoela zutik».

Honen aurrean, asteburu honetan mobilizazioak deitu Ernaik herri eta auzoetan, eta irailaren 30ean Gasteizen egingo den manifestazio nazionaleko deia egin dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!