Piperraren bueltan

Ataria 2023ko ira. 17a, 15:45

Azoka berezia izan dute gaur goizean, Ibarran. Plazan eskualdeko abereek izan dute lekua eta Emeterio Arrese frontoiaren inguruan bertako ekoizle, eskulangile eta elkarteek.

23. aldiz egin dute Ibarran azoka berezia, Hauspoa elkarteak antolatuta. Plazan izan dira abereak, eta Arane iturriaren inguruan taloa eta sagardoa dastatzeko aukera izan da, Uzturpe Ikastolaren eskutik. Izan ere, gertuko ekoizle eta eskulangileek izan dute lekua azokan, eta baita herriko elkarte eta eragileek ere. Aranen bertan Rafa Gorrotxategi izan da eta gazteenei zuzendutako tailerra eskaini du. Kultur etxeko ikastaroetan parte hartzen dutenek ere euren lanak erakusteko aukera izan dute.

Postuak Emeterio Arresen egon dira. 30 inguru izan dira eta askotariko produktuak bildu dira bertan. Azokan ohikoak diren lehiaketak ere egin dituzte. Batetik XXV. Ezti Lehiaketa egin dute eta Elduaingo Luis Nazabalek irabazi du. Bigarren Xabier Artolak egin du eta hirugarren saria Ibarran geratu da, Ibai Ormaetxea izan baita irabazlea. 

Ibarrako piperrarekin loturiko lehiaketak Erraketistak frontoian egin dituzte, Xepla elkarteak antolatuta, eta urteetan epaimahaikide izandako Matias Gorrotxategi eta Hilario Arbelaitz omentzeko probestu dute hitzordua. Sariei dagokienez, gilda lehiaketan Donostiako Club de Tenis-eko Maria Garcia eta Begoña Alonso izan dira lehenak, Ibarra bertako Xepla elkarteko Alberto Zubelzu eta Carlos Aretxaga bigarren, eta Ondarruko Cantabrico tabernako Pantxo Bedialauneta eta Eneko Etxeberria hirugarren. Pintxoen lehiaketan Loiolatarra elkarteko Patxi Lago eta Jesus Orcajo izan dira lehenak, Xeplako Alberto Zubelzu eta Carlos Aretxaga bigarren, eta Azeri elkarteko Mikel Larrarte hirugarren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!