Bost gunetan banatuta, igandean hartuko du Ibarrak azoka berezia

Ataria 2023ko ira. 12a, 16:07

Iragan urteko azokako postuetako bat.

23. azoka izango da igandekoa, eta 30 postu baino gehiago egongo dira; Erraketistak frontoian egingo dituzte lehiaketak, eta plazan egongo dira eskualdeko abereak.

Abuztuan herrietako jaiek protagonismoa izan zuten bezala, irailean sartuta, pixkana azoka bereziak ari dira indarra hartzen. Igande honetan, esaterako, Ibarran egingo dute azoka. Iraileko hirugarren igandean egin ohitu dute bertan azoka, Hauspoa elkarteak antolatuta, eta aurtengoa 23.a izango da. Ohi bezala, herriko ikur den piperra izango da ardatz, horren bueltako lehiaketekin eta dastatzek ere aukera izango delarik. Horrekin batera, artisau eta elikagai postuak, abereak edota tailerrak izango dira goiz osoan, herriko hainbat gunetan banatuta. Azokak 10:00etan zabalduko ditu ateak eta 14:00ak arte egongo da eskaintzen duenaz gozatzeko aukera. 

Aurtengoan abereak San Bartolome plazan jarriko dituzte. Bertan eskualdeko hegaztiak, behiak, txekorrak, ahuntzak edota poniak bertatik bertara ikusteko aukera izango da.

Plazatik aterata, Araneko iturri inguruan taloa eta sagardoa dastatzeko aukera izango da, Uzturpe ikastolaren eskutik. Gainera, arropa postuak ere izango dira. Aranen bertan, 11:30ean Rafa Gorrotxategiren eskutik txokolate tailerra izango da, 8-12 urte bitarteko gaztetxoei zuzendua. 
Bestalde, Emeterio Arreserako bidean, herriko artisten lanak jarriko dituzte ikusgai. Kultur etxeko ikastaroetako partaideek ikasturtean zehar eginiko lanak dira jendaurrean jarriko dituztenak, hala nola, pintura, ehoziri eta berritutako altzariak. Gorputz pintaketa ere egingo dute.
Emeterio Arrese plazan, berriz, artisauen eta bertako elikagaien postuak egongo dira. Elkartetik zehaztu dutenez, 30 postu baino gehiago izango dira. 

Jan edanerako aukera ere izango da bertan, Xepla elkarteko kideek txosna jarriko baitute. Hain zuzen, piper freskoa erreta jan ahal izango da, eta berritasun moduan, aurten txorizo pintxoak ere eskainiko dituzte. Emeterio Arrese plazak Tolosaldeko XXV. Ezti Lehiaketa ere hartuko du.

Piperraren lehiaketa
Ibarrako piperrarekin loturiko lehiaketak Erraketistak frontoian egingo dituzte, Xepla elkarteak antolatuta. Pintxoaren lehiaketa 17.a izango da, eta gildarenak, berriz, bosgarrena. Omenaldietarako tartea ere izango da, izan ere, Hauspoa elkarteak epaimahai lanetan urte luzez aritu diren Matias Gorrotxategi eta Hilario Arbelaitz sukaldariak omenduko ditu.
Hauspoa elkarteak aldarrikatu du aurten ere ekoizpen ekologikoaren eta jasangarriaren alde egiten jarraitu dutela, eta baita tokiko eskulangintzaren alde ere. Era berean, herritar guztiak animatu ditu igandeko azokara gerturatzera.

IRAILAK 17, IGANDEA

  • San Bartolome plaza.  Eskualdeko abereak: hegaztiak, behiak, txekorrak, ahuntzak, poniak… 
  • Arane iturri ondoan. Taloa eta sagardoa dastatzeko aukera, Uzturpe ikastolaren eskutik. Rafa Gorrotxategiren eskutik, txokolate tailerra, 11:30ean.
  • Emeterio Arrese bidean. Herriko artisten lanak ikusgai: pintura, ehoziri eta berritutako altzariak. Gorputz pintaketa ere izango da.
  • Emeterio Arrese plaza. Artisauak eta bertako elikagaiak, 30 postutik gora. Piper freskoa erreta eta txorizo pintxoak. Tolosaldeko XXV. Ezti Lehiaketa. Sari banaketa, 12:30ean.
  • Erraketistak frontoia. Ibarrako piperraren lehiaketa gastronomikoak. Sari banaketa, 13:30ean. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!