Josu Urrestarazu idiazabaldarrak irabazi du gaur arratsaldean Ibarran jokatu den Ibarrako Piparra XIII. Mendi Duatloia. Bigarren amaitu du korrikako tartea, Asier Mujikaren atzetik, eta bizikletarekin Eneko Gurrutxaga amasarrak aldea murriztu dion arren, amaieran aise nagusitu da goierritarra. Gurrutxaga bigarren izan da eta Ander Uriartek osatu du podiuma.
Beste hiru sari ere banatu dituzte gaur. Erreleboetako proban, Koldo Herrera eta Dani Iparragirre izan dira azkarrenak; Iparragirrek, gainera, BTT proba ere irabazi du. Beñat Izagirre eta Iker Mitxelena izan dira bigarren, eta Gaizka eta Mikel Iruretagoiena aita-semeak helmugaratu dira hirugarren.
Gaur, lehen aldiz, mendi lasterketa ere jokatu dute. Gizonezkoetan, Asier Mujika tolosarrak, Josu Urrestarazuk eta Ander Uriartek osatu dute podiuma. Emakumezkoetan, berriz, Olatz Zabalak, Laiane Arrospide ibartarrak eta Olatz Korkostegik.
Bero sargoria eta hezetasun handia. Horiek izan dira gaur arratsaldean Ibarrako Mendi Duatloiko osagai nagusienak. Hidratazioa ezinbesteko faktorea izan da parte hartzaile guztientzat.
Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko bigarren proba puntuagarria izan da. Igantzin jokatu zen lehena, eta bertan ere, Josu Urrestarazu izan zen onena. Hurrengo proba irailaren 16an izango da, Kanpezun. Eskualdean beste bi proba puntuagarri jokatuko dira: urriaren 21ean, Amasan; eta azaroaren 4ean, Adunan (zirkuituko azken proba).