Lauburu KE Ibarrak aurrera egin du Errege Kopan

Ataria 2023ko irailaren 9a

Areto futboleko taldeak gaur eguerdian jokatu du lehen faseko kanporaketa Cintruenigoren aurka, eta 2-3 irabazi du. 

Lauburu Ibarra 2. B mailako areto futbol taldeak 2023-2024 denboraldiko lehen partida ofiziala jokatu du gaur. Errege Kopako lehen faseko kanporaketa jokatu dute moreek hirugarren mailako Cintruenigo taldearen aurka.

Partidari dagokionez, lehen zatia oso parekatua izan da eta atsedenaldira heltzeko 15 segundo falta zirela egin du talde ibartarrak lehen gola; Ceci izan da golegilea estrategia jokaldi batean. Bigarren zatian hobeto kantxaratu dira etxekoak, eta lehen minutuan neurketa berdintzea lortu dute. 25. minutuan ibartarren bigarren gola heldu da; Raulek egin du. Eta 33. minutuan beste gol bat egin dute ibartarrek; kasu honetan, Beñik egin du gola, Ivanen asistentzia aprobetxatuta. Hurrengo jokaldian 2-3koa egin dute etxekoek, eta hor amaitu da gol festa. Gehiago ere egin ahal izan dituzte bi taldeek; ibartarrek esaterako, penalti bikoitz bat jaurti dute, eta Cintruenigok neurketa berdintzeko aukera izan du, kontraeraso batean. Hala ere, azkenean garaipena ibartarrentzat izan da, eta ondorioz, bigarren faserako sailkatu dira.

Ligari hasiera irailaren 16an emango diote, eta lehen hiru partidak igoera fasea jokatzeko hautagaiak diren hiru talderen aurka jokatuko dituzte. Lehen etxeko partida irailaren 23an izango dute, baina oraindik ez dakite zehazki non jokatuko duten neurketa hori, Ibarrako kiroldegian obrak egiten ari baitira. Egun, entrenamenduak Herrikideren kantxan egiten ari da talde ibartarra. Denboraldiko helburua ahalik eta gorenen egotea dela aurreratu zuen Mikel Diestro entrenatzaileak, eta batez ere ondo iristea denboraldi amaierara.


ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!