Mendi duatloiaz gain, lehen aldiz mendi lasterketa antolatu dute

Ataria 2023ko ira. 7a, 11:58

Ibarrako Piparra XIII. Mendi Duatloia larunbat honetan egingo dute, eta eguna berritasunekin etorriko dela azaldu du antolatzailea den Bidetxur Mendi Klubak.

Batetik, duatloiaren formatua korrika eta BTT izango da eta ez da hirugarren sektorerik egongo. Bestetik, lehen aldiz duatloiarekin batera, 11,5 kilometroko mendi lasterketa egingo da. Horrez gain, era ez lehiakorrean eBikearekin ateratzeko aukera egongo da. Azkenik BTTko sektore onena egiten duenak saria izango du; horretarako, bikoteka ateratzea izango da aukera bakarra.

Mendi duatloia zein mendi lasterketa 16:30ean hasiko dira, eta bertan parte hartzeko Kirolprobak.com webgunean eman daiteke izena. Beraz, azkenean lau proba ezberdin izango dira. Mendi Duatloia bakarka egingo dutenek 11,5 kilometro korrika eta 16 kilometro bizikletaz egingo dituzte. Mendi Duatloia bikoteka egingo dutenek, 11,5 kilometro korrika eta 19 kilometro bizikletaz egingo dituzte. Mendi lasterketa egingo dutenek 11,5 kilometrokoa izango dute ibilbidea, mendi duatloikoek egingo duten berbera. BTT proban bakarrik parte hartu nahi dutenek 19 kilometroko ibilbidea izango dute.

Juan Zubia Bidetxur Mendi Klubeko kideak gogora ekarri duenez, orain 13 urte antolatzen hasi zirenean, mendi duatloiarekin ekin zioten. Proba kutsu herrikoia galtzen zihoala ikusi zuten, ordea. Hortik sortu zen, duela bost edo sei urte, bikoteka ibilbidea osatzeko aukera. «Bere burua bakarka egiteko gai ikusten ez duenak, modu horretara laguntza dauka. Herrikoi kutsu hori berreskuratzea lortu dugu horrela. Emaitza onak ematen ari da», azaldu du Zubiak.

Mendi lasterketa egiteko ideia egiten duten lanari lotuta etorri da Zubiaren esanetan: «Zirkuitua markatzen eta abar lan handia egiten dugu, eta hortik etorri zen ideia. Zergatik ez dugu mendi lasterketa egiten? Lehen duatloia hiru sektoretan antolatua egoten zen. Hasieran korrika, gero bizikletaz eta azkenik korrika. Orain bi sektoretan egitea erabaki dugu, eta korrikako ibilbidea pixka bat luzatzea, mendi lasterketarako erakargarriagoa izan dadin». Korrikako ibilbide bera egingo dute mendi lasterketakoek, bakarkako mendi duatloikoek eta bikotekakoek. Guztien denborak hartuko dira kontuan mendi lasterketako irabazlea izendatzerako garaian. Hau da, duatloiko bat izan daiteke mendi lasterketako garailea.

Ibarrako Mendi Duatloia Euskal Herriko Zirkuituaren barruan sartuta dago. Eskualdean beste bi proba egingo dira zirkuitu horretarako puntuagarriak direnak: Amasan, urriaren 21ean, eta Adunan, azaroaren 4an.

TXIKIENEK ERE AUKERA DUTE

Gaztetxoek ere aukera izango dute mendi duatloian aritzeko larunbat honetan, 11:00etan hasiko den Duatloi Txikian. Hiru adin tarterentzako ibilbideak osatu dituzte: 2014-2015 urteetan jaiotakoak, 2012-2013 urteetan jaiotakoak eta 2010-2011 urteetan jaiotakoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!