Errege Kopako kanporaketa, Laubururen lehen partida

Imanol Garcia Landa 2023ko ira. 7a, 11:59

Lauburu Ibarra 2. B mailako 2023-2024 denboraldiko jokalariak, denboraldiaurrean. LAUBURU IBARRA

Areto futboleko 2.B mailako talde moreak Cintruenigoren aurka jokatuko du etzi. Mikel Diestro entrenatzaile berriak klubak egin duen aldaketa nabarmendu du.

Lauburu Ibarra 2. B mailako areto futbol taldeak 2023-2024 denboraldiko lehen partida ofiziala izango du larunbatean. Errege Kopako lehen faseko kanporaketa jokatuko dute moreek Cintruenigo taldearen aurka. Aurkari nafarren etxean jokatuko dute, 12:00etan hasita, eta kanporaketa partida bakarrera jokatuko da. Mikel Diestro Lauburuko entrenatzaile berriak azaldu duenez, «aurkariak hirugarren mailakoak dira, baina kalitate handiko jokalari batzuk dituzte. Hasieratik partidan oso sartuta joan behar dugu. Faboritoak gara kanporaketa pasatzeko, baina hori erakutsi egin behar dugu».

Hainbat alta eta baja izan dituzte denboraldi honetarako. Altei dagokionez, Beñat Zaldua, Ivan Dominguez, Victor Cecilia Ceci, Gorka Ruiz eta Raul Rivadulla fitxatu ditu taldeak. Bestalde, bost baja izan ditu taldeak: Ilias, Boli, Uri, Eric eta Oscar.

Ligari hasiera irailaren 16an emango diote, eta lehen hiru partiden zailtasuna nabarmendu du Diestrok: «Igoera fasea jokatzeko hautagaiak diren hiru talderen aurka jokatuko dugu. Pinsequeren etxean jokatuko dugu aurrena, ondoren Otxartabe etorriko da gurera, eta hirugarrenean San Juan taldearen aurka jokatuko dugu bere etxean. Partida gogorrak izango dira; denboraldiaurre ona egin dugu, baina kontuan izan behar da gure taldean aldaketak izan direla eta egokitzapen horrek ere bere garrantzia izango du».

Denboraldiko helburua ahalik eta gorenen egotea dela esan du entrenatzaileak, eta batez ere ondo iristea denboraldi amaierara. «Ligako lehen lauak sartzen dira igoera fasean, eta horien artean egon nahi dugu», azaldu du.

Aurretik Lauburu Ibarrako entrenatzailea izan zen Diestro, 2015-2016 eta 2016-2017 denboraldietan, eta berriro itzultzearen arrazoia azaldu du: «Proiektu serio baten bila nenbilen, bi edo hiru urtez luzatuko zena, gustura lan egiteko, eta Lauburu Ibarrak oso proiektu interesgarria eskaini dit, Bigarren mailara igotzeko helburuarekin». Aurreko etapatik kluba «asko garatu» dela dio Diestrok: «Arlo estrukturalean lan handia egin du, eta oso ondo, eta beste klub bat da».

Lehen etxeko partida irailaren 23an izango dute, baina oraindik ez dakite zehazki non jokatuko duten neurketa hori, Ibarrako kiroldegian obrak egiten ari baitira. Egun, entrenamenduak Herrikideren kantxan egiten ari da talde ibartarra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!